gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Grabitate zentroa (I)

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun

Rosaeneko babes lubakian naiz aspaldikoz. Abaro goxoko lubakia bihurtu zait hau hona ezkero, lubaki arantzadunen garaiotan. Franco Battiatoren heriotzak eta Rafael Berriori egindako omenaldiek zimiko egin didate erraietan, derrigorrezko distantziatik bada ere, irakurritakotik bada ere. Pertsonak behin hildakoan gogoan hartzea ez ezik gorestea ere praktika sarri-merkea dela dio topiko sarri-merkeak. Baina ez du axola handirik. Batzuetan behar dira komunio ekintza sarri-merkeak, are garai zurbilotan. Eta gaur-gaurkoz sinisten dut, sinistu nahi dut, sinistu behar dut merezitako onespena jaso dutela bi-biok. Ez dago erraz grabitate zentro iraunkor bat topatzen. Musika dateke gutxi horietako bat, eta Rosari eskatu diot Voglio vederti danzare jar dezan. Jendea, han-hemengoa bezala hemen-hangoa, izaten zuen miran Battiatok, egun izen ona soilik ez, izena bera galdu duen humanismoz izan ere. Halatsu Berriok. Bazekiten musikaren zein hitzaren barrunbe ilustratuenetan arakatzen, ondoren emozio komuneko bilakatzeko.

Ahaztu dugu, baina, humanismoa, komuneko emozioa.

Buruan laino ilun samarrak dabilzkidanean amonaren etxeko balkoira egiten dit soak automatikoki. Han dut grabitate zentro iraunkorra umetatik, inon izatekotan. Rosaenetik ere ikusten dut haurtzaroko balkoia. Gure amona zenak, Rita Larrarte Garmendiak, Bidaniko Apako baserrian jaioak, 94 urte beteko zituzkeen gaur. Beti dut akorduan harekin egin nuela aurrenekoz dantza agarrauan, familia ospakizun batean. Zortzi bat urte izango nituen. Imanol zuen kantari kuttuna. Haren Zergatik kantua etorri zait brastakoan oroimenera, Miranderen poema gordin musikatua. Nire buruan Moustakirekin batera entzuten da: «Zergatik ikasi ahanztekoz gero ikasiak oro?».

Battiatok, Berriok, amona Ritak, eman didate ikastekorik, kuanto, ageriko gauzetan bainoago barne lengoaia humanista batean; keinuetan, egoteko nahiz bizitzeko molde batean. Urrituz doan molde batean. Besterik da ezer ikasi dugun.

Haiek ez ahanzteko ahaleginak behar luke nire grabitate zentro iraunkor.

Bitartean... voglio vederci danzare lagunok, voglio vederci danzare.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.