gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Alaska

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Gaur ezin izan dut sartu Rosaenean. Eta pasiarako hartu dut tartea, Daddy Tapiaren Abiadura Hutseko Trenean sartuta, etsiak hartzen utzi gabe, ziztuka, bizitzaren trenari heldu asmoz.

Garabi erraldoia lanean ari da, erauzitako harri puskak zein hondakinak jasotzen. Musika industriala, edo eraiste musika, nahiago bada. Beso-luze suntsitzaile bat, zeruari amenazuka. Tonaka harri pilaturik. Harriak, behin izandako etxe horietako bizi taupaden azken aztarnak. Baita Alaska tabernakoak ere. Anariren Harriak akordura: «Harri pila bat dugu metatua begien atzeko aldean: zubiak, murruak, bideak, etxeak, harriak finean, gorputzak, galderak, begiak, hitzak, giltzak eta oheak...». Haurtzaroan, 80etako hamarkadan, kale jendetsua zen hau, bizia zuen; Unanue (inoizko tabernarik kuttunena), Politena, Gau-Txori... Tiffanys diskoteka errepidearen beste aldean, Eivissako musikak ekarri zalea; gaztetxea Urretxuko aldapan, Dead Kennedys eta BAP!! barrunbeetan... Mugimendua, bizia. Auzoa. Eta Alaska taberna. 90etako hasieretan sartuko ginen aurreneko aldiz: gogoan dut Pixies eskatu eta jarri zutenekoa; gogoan dantza zoroak, lehen musu herabeak, gogoan Otanok jazzaz hitz egin zigunekoa, gogoan R.E.M.-i buruzko lehen solasaldia, Gabon guztietako Rafaren kabareta, Boney M.-en Rivers of Babylon... Festak, esperientziak, lehen aldiak, enkontruak. Rocka, soula.

Eraitsi dute eraikina; eraitsi dute Alaska. Eraitsi dute auzoa.

Eraisten ari dira mundu bat, bizimolde bat.

Alaskaren ataritxoa estua zen; bazuen leihatean petriltxo bat, eta bazuen parean errepideari hesia egiten zion beste petriltxo bat ere. Taberna behin betiko itxi zutenean ere, ia arratsaldero, uda zein negu, hor biltzen zen kuadrilla mitiko bat; Alaskan hazi eta hezitakoa. Sarri musika entzuteko aparailua etxetik eramana, berdin kafea, infusioa eta garagardoak. Egun ere pareko plazatxoan biltzen dira.

Hiltzear den mundu horri itxaropenez begiratzeko era bat da.

Ezarri nahi dituzten murru eta ghetto garbizaleei izkin egiteko modu alegerazko polit eta kooperatibo bat.

Bizi berri bat eraiki behar bada ere, orubean pilaturiko harrietako bat hartu eta poltsikoan sartu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.