gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Ur azaletako gerrak

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Neu ere igerilekura joan naiz arratsean. Kafka ez izatea, hortxe alde koxkorra. Gerrarekiko apatia edo indiferentzia bezala irakurri izan da idazle txekiarrak bere egunerokoan idatzitako esaldia: «Alemaniak gerra deklaratu dio Errusiari. Arratsean igeri egitera joan naiz». Hori du literaturak. Eragin ditzakeela irakurketa desberdinak. Nik ez dakit zein aldarterekin, zein asmorekin idatzi zuen. Asmorik ere ba ote zuen. Nik dakit transmititzen didala babesgune baten beharra: egunerokotasunarena, urarena, grabitate arinago batena... Gerraren aurrean, izatearen arintasuna, nahiz eta izan jasangaitza.

Uretara murgil egin dut, eta Laboaren Gernika-ren aieneak ozen dabilzkit buruan eta tira eta tunba! Aspalditik datorren gerra baten hotsak direla esan dit gero barreneko ahots kritikariak. Kapitalarena dela gerra. Kapitalaren jauntxoena. Kapitala dela kokapen bila dabilena aspalditxoan, eta makina bat gerra piztua du han-hemenka. Nirvanaren Nevermind diskoaren azala etorri zait akordura, lehen luzea alga batek baino mantsoago egiten dudan bitartean. Horra likido amniotikoan gozo zegoen haurra, dolar billete batek gidaturiko mundurantz.

Ostirala da; eguerdia. Ez da inor igerilekuan. Ez dut inorekin hitz egin oraindik munduan gertatzen ari denaz. Zer pentsatuko ote dute gerraz? Gerra honetaz? Pentsatu ote dute zerbait? Nor bere zoroak bizi duen ber gisan, nork bere gerrak bizi ditu, nor bere gerretan murgilduta dabil, neu igerilekuan latxe. Itsas txakur bakarti bat dirudit. Anariren Irla izan burura. Beste azal akuatiko bat. Irla izatea; nork bere gerrari ihes egiteko modua ala nork bere buruari gerra deklaratzekoa?

Gerrarik ez dut bizi izan. Ez lubakietakorik bederen. Gerra irakurtzen ari naiz. Gerra entzuten. Gerrarik ez dut bizi izan, baina gerrak bizi gaitu. Azken luze bat, bizkar estiloan, erlaxatu nahian, burua kanporantz. Halaxe azaltzen dira Slint taldeko lau mutikoak Spiderland diskoko azal ederrean. Ur laku horretan sarturik lau gazteren adiskidetasuna ikusi izan dut beti, begirada garbia, konplizea. Agian gerra eraiki duten jauntxo nagusiengandik apartekoa.

Igerilekura egin dut. Kafka ez izatea, hortxe alde koxkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.