Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Mundu leunena

2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Izenburu hori jarri nion Jaikiera diskoko abestietako bati. Kontsolamendu-abesti bat izatea nahi nuen, nolabait, niretzat behintzat bazen. Neure buruari kantatzen ote nion? Beste norbaiti? Berdin zion, samurtasun osoz egindako kantu bat sortu nahi nuen.

Abesti honi buruz idazten dut, bertan hitz egiten dudan «mundu leunenari» buruz idazteko. Nor bere baitan biltzearen eragiketan dagoen mundu horri buruz. Lole y Manuel taldeak Río de mi Sevilla abestian zioen: «Que es que en amores/ que es que en amores/ las caricias soñadas/ son las mejores». Baieztapen horren literaltasunean sartu gabe, bakoitzaren barne-mundu horren edertasuna da interesatzen zaidana. Edertasun hori, babesleku hori. Mundu horretan, ez dago desengainurik, zatarkeriarik, baldartasunik. Hortik sortzen dugu, agian, forma, sentipen nebulosa leun horiei errealitate sendo bat emanez. Abesti bat, koadro bat sortzen dugu, baina haren sendotasunak, ordea, konpromiso bat dakar; hor geratuko da, esanahiz betea, amaitua.

«Hemen nago. Hau naiz», diote abestiek. Zutabe hauek bezala,kantuak, interpretazio guztietara, besteen iritzietara irekitzen dira mundu leunenetik, guztion mundu amankomunera plazaratzean. «Handi geratu zaio eszenatokia». «Jada ez nau hainbeste emozionatzen». «Ez dut eboluziorik ikusten bere kontzertuan». «Niri abesti hau bestea baino gehiago gustatzen zait». «Ahots polita daukazu, baina nahiko musika arraroa egiten duzu, ezta?». «Lehenengo diskoan formula gehiago ikusten nuen; orain originalagoa da egiten duzuna».

Mundu leunenean ez dago epairik, guztia aldakorra da, gauzak direna dira, interpretaziorik gabe; loreak bezala, hor daude, ederrak, koloredunak, zimeldu egiten dira, eta berriro jaiotzen dira. Haiek mundu eder bat sortzen dute, mundu erreal bat, zentzuz betea, logikaz betea; zure iritzia ez da garrantzitsua. Hori izango litzateke artearekin norberak sortu beharko lukeena; askea den lana, urteetan zehar, abestiz eginiko unibertso bat, berez erreala dena, bere izatea duena, bere zorroztasuna, bere legea, bere oparotasuna.

Artelanaren botereetako bat, gainera, hori da; zu, ikusle, entzule bezala ere, abesti horren bidez, mundu leun horretan sar zaitezkeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.