Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Mundu aldrebesa

2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Batetik, Bob Dylan, mitoa, belaunaldi baten ahotsa, XX. mendeko 60ko hamarkadan eztanda egin eta oraindik bizirik dirauen artista errepikaezina; bestetik, logikoak diren kezkak eta dudak, goitik behera itxuraldatu baitu errepertorioa azkenaldian Dylanek, eta, beraz, magia eta lilura galdu dute abestiek zuzenekoetan. Tartean, dirua. Merkatua. Eskaintza eta eskariaren legea. Betikoa. Gauza da Blood on the Tracks diskoaren autorea bi egun jarraian arituko dela Kursaaleko auditoriumean, ekainaren 19an eta 20an, Get In promotorearen eskutik. Hasiera batean albisteak poza eta ilusioa piztu zuen zaleengan, eta jendearen artean ere bai.

Egunak pasatu ahala, Bob Dylan zuzenean ikusteko distira itzali dela dirudi. Arrazoia sinplea da: sarrera garestienek 205 euro balio dute, eszenatokitik hurbilen dagoen zonaldekoek, eta egundaino ez dira agortu. Aretoaren planoan hautaketa egiterakoan hutsunea nabarmena da lehen lerroetan. Salgai jarri zituzten sarrera merkeenek, 65 eurokoek, Kursaaleko harmailaren puntan, hegan egin zuten. 100 eurokoak ere bukatu dira. B gunea deitzen dioten alboetako eserleku batzuk, aldiz, hutsik daude, eta 150 euroren truke eskuratu daitezke. Argazkia antzekoa da bi egunetan eta salmentaren erritmoa eten egin da.

Orain arte ikusitakoaren arabera, ez da erraza izango inertzia aldatzea, eta nire apustua da azken txanpan ez dela lortuko egoerari buelta ematea. Hala bada, atze-atzeko partetik animatuko dute zaleek Dylan, hasierako hainbat eserleku hutsik dauden bitartean. Nork ulertzen du hori? Ez du ez buru ez hankarik. A, telefono mugikorrak debekatu ditu Bob Dylanek bere kontzertuetan, Phone-free show izenpean. Yondr empresa amerikarra arduratuko da hura antolatzeaz eta giltzarrapo batez ixten diren funda bereziak banatuko dituzte. Benetan? Kontzertua hasi aurretik abisatzearekin ez da nahikoa? Edozer gauza gerta daiteke mundu merkantilista eta aldrebes honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.