Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Lisboa eta Azores I

2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Astelehenean Donostiatik autobus batean joan nintzen Bilboko aireportura, Lisboara hegazkin bat hartzeko. Bertan Bolt bat hartu nuen hotelera iristeko, eta ez nuen Lisboa ikusi, orduak teklatu eta maletarekin alde batetik bestera ibili eta gero, eta kontzertuagatik hazten zitzaidan urduritasuna zela eta, deskantsatzean soilik pentsatzen nuelako. Bakarrik egon, dutxa bat hartu, hoteleko ohe zurian etzanda denbora pasa.

Ez dakit ahula naizen, gatzgabe hutsa, edo zer, baina denbora estu horiekin horrela gertatzen zait.

Asteartean, irrati batean elkarrizketa izan nuen goizean. Portugesez egin zidaten, zuzenean; beraz, ulertzen nionari erantzun nion gaztelaniaz. Batek daki kanpotik noraino antzematen zen ez nuela ia piperrik harrapatzen.

Gero, zerbait bazkaldu Gulbenkian lorategi ederren inguruan, ordu pare bat berriro ameba-egoeran igaro, eta soinu-proba egitera joan nintzen trasteekin beste Bolt batean.

Aretoa Pink Street delakoan zegoen. Egun horretan bertan, arrosaz pintatu berria zegoen, eta aitarengan pentsatu nuen, beti esaten duelako lurra pintatzea jasangaitza dela —behin, bat margotu genuen elkarrekin; zaharra zen eta oso zaila izan zen hautsez ondo garbitzea, pintura latz horrek emaitza fina izan zezan—.

Aitaren hasperenak imajinatzen nengoela, aretora sartu eta Instagramerako story bat grabatzeko eskatu zidaten, kontzertura jendea gonbidatuz. Managerrak «noski, egingo du» erantzun zuen, eta kamerinora joan nintzen makilatzera. Kamerinoan komun bat zegoen beste baten arrasto likidoz bustia, eta hiru ispilu pintadaz eta pegatinaz beteak. Zeure burua oso zati txikietan nekez aurki zenezakeen. Soinu probako keak kamerinoa betetzen zuen.

«Hemen aldatu behar dut? Hemen egon behar dut hiru orduz kontzertua eman arte?». Aldi berean, nire sentsazioen gainean zalantza egin nuen. «Diva bat naiz? Gehiegi ari naiz eskatzen?». Bestalde, «ezin naiz musikatik bizi, ez al dut behintzat espazio garbi batean kontzerturako prestatzeko eskubidea?». Edo «musikariaren mitoa apurtzea litzateke fregona bat pasatzea kamerinoan?». Jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.