Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Lisboa eta Azores, amaiera

2023ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Kontzertua bukatu, eta Madrilgo entzule batek lagundu zigun Bolt bat eskatzen eta trasteak kanpora eramaten. Ez duzu garagardo bat nahi? Galdetzen zidaten aretokoek. Ez, ez, eskerrik asko. Martxo hasieran gaixo jarri nintzenetik, ahotsa erdipurdi izan dut, ez dut guztiz errekuperatu, eta kontzertu bakoitzean nolabait bortxatu egiten dudala esan zidan medikuak. Zazpi aste pasatu dira gaixo jarri nintzenetik, eta zortzi kontzertu eman ditut. Festa zapuzten dudala sentitzen dut ahotsa zaintzeagatik garagardo bakoitzari ezetz esaten diodanean; horrela da gure sozializatzeko dinamika zaharra.

Hurrengo egunean Azoreserako bidaia. Bidaietan, bi pertsona mota daude: ukitzen zaituztenak, eta ez zaituztenak ukitzen. Abioiko eserleku txikitik gorputzeko atalak biltzen saiatzen dena, eta espazio pertsonalaren muga irauli nahi duen izaki interesgarria. Azkeneko hori tokatu zitzaidan, eta bi ordu egon nintzen bere ukalondo eta belaunarekin koreografia batean sartuta. Ukalondoak nire besoa igurzten zuen, orduan, nik beste posizio bat hartzen nuen; beraz, bere belauna nire hankaren kontra jartzen zuen, eta orduan pilateseko bihurdikatze batekin saiatzen nintzen.

24 ordu baino gutxiago egon nintzen Azoresen. Bertara iritsi eta hurrengo egunean, goizean goiz, paisaia ikaragarri berde eta tropikal baterantz eraman ninduen kotxe batek. Bertan, 35 gradutara zeuden terma batzuetan jo behar nuen. Euria egiten zuen, lanbroa zegoen, eta bi sonbrilla jarri zizkidaten haien azpian jotzeko. Goizeko bederatziak ziren, eta jendea termetara sartzen hasi zen. Gero esan zidaten kontzertuan zehar 800 pertsona sartu zirela ur marroi horietan abestiak entzutera. Bi sonbrillen artean, ur-txorrotada batek blai eginda utzi ninduen, eta baita instrumentuak ere. Horrek oso urduri jartzen ninduen arren, aurrera begiratzen nuen bakoitzean, ehunka persona erdi-biluzi txaloka ikusten nituen paisaia eder hartan, eta pentsatzen nuen; hau bai polita. Zoroa eta polita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.