Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

50 urte

2023ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nire lagun Diegok 50 urte bete ditu. Bateria jotzen ikusten dudanean, inbidia sanoa sentitzen dut. Oholtzaren gainean transformatu egiten da, mundu honetan gehien maite duen gauza da. Aspaldi ekin zion Diegok bere ibilbideari; gehienbat, rock eta garaje talde independenteetan aritu da, orain bospasei urte jazzaren unibertso konplexua aztertzen hasteko erabakia hartu zuen arte. Beste mundu bat da hori. Jazzaren eta rockaren kodeak ezin dira konparatu. 40 urte pasatuta, buru-belarri hasi zen lanean Donostiako Musika Eskolan eta Errenteriako entsegu lokal batean bere kabuz. Miles Davisen partiturekin literalki amesten hasi zen.

Ez da inoiz berandu, ordea, gauza berriak ikasteko. Diego perfekzionista hutsa da, eta horrek eraman du poliki-poliki joatera. Perfekzioa ez da existitzen, eta haren bila joatea etsigarria izan daiteke. Beretzat, jazz bateria jole mitiko eta erraldoiak superheroiak dira, musikari konparaezinak, eta pila bat miresten ditu. Agian horregatik, askotan iruditu zait helmugarekin itsutu dela, inoiz ez dela nahikoa izango.

Bere urtebetetzearen bezperan, ezusteko handia eman zidan. Musikenek Donostiako Altxerrin asteazkenero antolatzen duen jam session-era joateko gonbita luzatu zidan. Whatsappez jaso nuen mezua: «Nirekin etorri nahi duzu? Rakel ere han izango da». Aspaldi nenbilen Diego konbentzitu nahian Altxerrira gerturatzeko, eta hark ezetz, ez zegoela prest, musikarien maila superlatiboa dela. Perfekzioaren mamua. Altxerriko aurreko eserlekuetan eseri ginen hirurok. Hasieran, 30 minutu inguruko kontzertua eskaini zuen hirukote batek. Izugarria izan zen: Megadeth taldearen zenbait kantu jazz estilora moldatu zituzten. Pentsatu nuen Diegok arrazoia zuela eta goi mailako artistak direla. Ondoren, publikoan nahastuta zeuden musikarien txanda izan zen. Kostata, Diegok lortu zuen oholtzara igotzea eta mugikorrarekin grabatu nuen bere emanaldia. Mundiala izan zen. Azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.