BI AHOTSETARA

Kaleak (I)

gorka erostarbe leunda
2019ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Nahita ere kalea erabat desjabetzea, erabat desjendetzea aski lan gaitza delako, Tonight the Streets Are Ours. Ez soilik tonight, baita egunez ere. Atzo, adibidez. Ez baita taberna bat hustea edo mugatzea bezain erraza. Eta tira, ez da kanpaiak lau haizeetara durundan jartzeko modukoa ere, baina bada zerbait, eta, zer esanik ez: kalera irteteak, kalea hartzeak zerikusia du. Handia.

Musikariek eta ostalariek elkar hartuta protesta egin dute kalean, eta Yesterday... the Streets Were Ours. Eusko Jaurlaritzak atzera egiteko imintzioa egin du behintzat, eta, itxura batera, otsailaren 22an argitaraturiko dekretua —besteak beste urteko ikuskizun kopurua dozenara mugatzen zuena— berraztertu eta moldatu egingo du. Arteak Ireki plataformak eman dio doinua eta gorputza protestari, eta kaleak bere egin ditu.

Kalea. Gorputza. Musika.

Nekez hiruki erakargarriagorik. Hiru erpinek bat egiten badute, Bermudetakoan ez bezala, jendea ez da bertan galduko. Ondo kontrara. Jendeak topo egingo du geometria horretan.

Eta alde erantzira. Hiruki hori osatzen denean, botere-gune autoritarioenak ere gaitza du auzoaren, sorkuntzaren eta jendearen kontrako neurririk indarrean jartzea. Eta horregatik da garrantzitsua Arteak Irekik zabaldutako bidean aurrera egitea, noiz eta kaleak, gorputzak eta musika bera inoiz baino homogeneizatuago nahi dituzten garaiotan.

Hor dago, akaso, erronka, egitekorik behinena. Asteotan sortu den gorputz hori nola sendotu, trinkotu. Sorkuntzaren, eta, hein berean, musikaren munduan egon baitaude konpondu zein hobetu beharreko kontuak; esaterako, musikaz bizitzeko hautua egiten duenaren bakardade eta ausardia larregizkoa, egunotan estreinatu den Margolaria filmak azaldu bezala.

Garai egokia izan liteke askotan aipatu bai, baina inoiz gauzatu ez den musikarien elkarte, plataforma edo zernahi sendo eta eraginkor bat sortzeko. Besteak beste, behar denean, kalera elkarrekin ateratzeko, disonantziak alboratuta tonu berean aritzeko. Behar denean.

Bitartean, Yesterday, The Streets Were Ours.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.