BI AHOTSETARA

Galderak

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kontzertuak musutruk edota musikariaren balioaren azpitik antolatzea ohiko jardunbidea da musikaren munduan. Etikoa al da, ordea, debalde edo balioaren azpitik jotzea?

Nola ordaintzen ditu taldeak bere partaideen gastuak? Nola joan-etorriko furgonetaren alokairua eta gasolina? Nola, ordaintzen dietena gastu horiek baino gutxiago bada, betiere ordaintzen badiete? Baina, aldi berean, nola esan ezetz jotzeari, jakin arren galtzen aterako direla, oholtzara igotzeko aukerarik urrienetako bat izan badaiteke hori? Taldea promozionatzeko, bederen, balioko du, ezta? Halere, musikariak ezin du duda saihestu. Zer da duinagoa: baldintza eskasak ez onartzea, edo jo eta, behintzat, proiektua ezagutarazteko pausoak ematea?

Musikak jateko ere ematen ez duela jakin arren, jotzera joan eta tabernan lau katu daudela ikusten duen musikariak jarraitzeko gogo berbera izaten ote du kontzertua bukatu ostean? Taldekideen artean sortzen den konplizitateak eta musikaren uhinek eragiten dizkioten zirrarek konpentsatzen al dute? Beharbada, publiko urri horretan dagoen baten bat buruari bortizki, emozioaren emozioz, eragiten ikusteak indarrak berritzen ote dizkio?

Finean, talde eta artistek debalde jotzea onartu beharko lukete? Benetan al da etorkizuneko inbertsioa? Ordaintzen den kasuetan, zein da ordaindu beharko litzatekeen gutxieneko duina? Eta zein sarrerarik merkeena, galerak ez izateko eta BBKrako bonua erosi duen musikazale horrek kontzertuko sarrera garestia dela esan ez dezan? Azkenik, kontzertura hurbiltzera animatu den hori, bederen, ohartuko ote da burua astintzeari ezin utzi dabilela hunkipenez? Iritsiko al da ongi xahututako dirua izan deneko ondoriora? Hau da, kontzertuak inbertsio emozionalak direneko konklusiora?

Zeren eta ziur denok askotan aldarrikatu dugula musikarik gabe tristea litzatekeela mundua; baina zer litzateke musika musikaririk gabe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.