gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Kaleak (eta II)

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun

Ostu nahi digutelako kalea ere. Edo bestela esanda, geronetik atera nahi dituzte kaleak, auzoak: gainturistifikatu, gentrifikatu. Edo era garbienean ulertzeko, pribatizatu: komunitatetik erauzi. Eta zergatik ukatu? Guk ere uzten dugulako kalea ostu diezaguten. Guk ere uzten dugulako geure burua geronetik erauzten. Begira itzazue haur garaietako parkeak, pilotalekuak, auzo-azpiak... Ez al daude geroz eta hustuago? Eta kalea gorputza da, kalea musika da.

Zer egiten dute New Orleansko brass bandek euren jazz doinuak kalera ateratzen dituztenean? Hiletak, inauteriak eta bestelako zenbait erritu edo ospakizun auzokideekin partekatu; gorputz komunitario bat osatu, Iruñeko Nola? mugimenduak zuzen artez aldarrikatu izan duen moduan. Jarri brass banden lekuan Erriberako jota erronda kaletarrak —instituzio eta lehiaketez kanpokoak—, gabon edo santa agedetako kopla ibilbideak, nahiz festetako txarangak.

Zergatik du Korrikak bi urtez behin halako arrakasta popularra? Musikaz etengabe lagunduta Euskal Herriko hamaika herri-txoko-kale lotzeak zerikusi handia du, jakina, gorputz oso bat mamitzeko, hezur-haragitzeko.

Zer dela-eta izan dute halako pisua eta oihartzuna gure errealitate sozio-antropologiko-kulturalean erromeriek? Eta «izan dute» esan dut, baina ez ditzadan hil kanpaiak jo. Aristerratzuz gain, oraindik ere antolatzen baitira erromeriak han-hemenka... eta Niño De Elchek Raverdial lan eta kontzeptuarekin azaleratu moduan —sare sozialetako polemista adeigabe bilakatu aurretik—, tradiziozko erromerien Andaluziako verdialak, esaterako— eta egungo raven artean bai baitago konkordantziarik. Gorputzen bilkurak, musikaren ospakizunak, eta kalearen, auzoaren, tabernaren, zelaiaren, poligonoaren hartzeak dakarren konkordantzia denborazko espaziala.

Korrika euskararen aldeko ospakizun izatetik haragoko zerbait da: musika, kalea eta gorputza batzen dituen klik bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.