gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Cumbia dagigun

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Desira eta arriskua. Erraz dira ahoskatzen, mingainera ekartzen. Zailagoa da haiek gorputza zeharka diezazuten uzten. Ausardia behar da. Ez ausardia harrobero bat, ausardia noble bat baizik, askatasunaren ertzak zabaltzera eramango zaituena, zure aurrejuzgu, beldur, mugak uxatu eta mundu ezezagunagoetara bidaiaraziko dizuna.

Ausardia hori ezinbestekoa da Colombiana vasca kantua erein, egosi eta pil-pilean jartzeko. «Bi itsas-haize elkarren kontra, desira eta arriskua. Kontrabandoan trukatzen dira larrua eta listua», dio kantuak Maialen Lujanbioren ahotsean.

Niño de Elcherena da pieza, Colombiana diskokoa, asteon argitaratua. Lan horrek batu ditu Niño de Elche eta Kolonbiako Meridian Brohers taldeko (cumbia, psikodelia eta beste) Eblis Alvarez, zeina ekoizle lanetan aritu den. Eta batu ditu Maialen Lujanbio, Beñat Axiari eta Xabier Erkizia ere aipatu kantuan. Eta pentsa liteke artista eta izen horiek batuta ziurtzat eman litekeela emaitza ona. Areagokoa da kontua. Edo honagokoa. Ausardia noblez aritu behar baita bertsolari baten kantu poetikoa, cumbiaren erritmo dantza jolastiarekin eta bi kantariren aiene ulukariekin kontrabandoan aritu eta droga berri adiktibo bat sortzeko.

Ausardia behar da, gero!

Eta desira.

Mikel Laboa ausartu egin zen John Cage eta Camaron de la Islaren munduak berera ekartzen. Desiratu egin zuen. Mursego ausartu egin zen cumbiaren erritmoak bere moldean ematen La cumbia villera de la ciudad armera-n.

Ausartuko naiz esaten musika kontrabandoa aritzea dela, listua eta larrua trukatzea, besteak beste, eta kultur apropiazioa deitzen den hori birdefinitu beharko litzatekeela, edota beste talaia batetik planteatu. Kultura seme-alaba bastarda baita, edo ez baita. Besterik da, kontrabando hori egiterakoan zer molde erabiltzen den, norekin aliatzen den, nor hartzen den kontuan eta nor ez...

Colombiana vasca atera da plazara, mundu berri bat sortuta gainera, mestizaje deitu izan zaion horren kerietatik urrun, pastichearen justu beste aldean.

Orain, besteoi dagokigu kantua desiratzea, gure egiten ausartzea.

Cumbia dagigun!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.