gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Nire baitan daude biak

2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Batzuetan harrapatzen baitzaitu esaldi batek, ez derrigorrean errepikak, eta irauten baitu zure baitan segundoetan ez ezik, minutuetan, egunetan, asteetan, hilabeteetan, urteetan. Bizitza osoan... eta gutxien espero duzun uneetan datorkizu barrunbeetatik oroimenera lehenik, eta handik mihira gero. Kanporatzea edo kantatzea besterik da. Bitxia izan liteke, edota gutxienez kontraesanezkoa, baina tristurak abaildutako egun apokaliptikoetan honako esaldi hau etorri izan zait kaxkora sarri, bere doinuz hornituta, eta ahots goraz kantatu izan dut: «Don't be sad; I know you will». Eta jarraian abesti bereko «True love will find you in the end». Esaldi inpaktanteak dira; distira berezikoak bere soiltasunean. Aldean eraman izan ditut nik bere gogorrean; daramatzat. Duela bi aste pasatxo zendutako Daniel Johnstonena da abestia. Errepara iezaiozue, esaterako, Youtuben Live on KCWR saioan Johnston zuzenean kantuan ari deneko bideoari. Lucius taldekoen laguntzaz interpretatzen du kantua; ziur aski hil aurretik berak egindako azken saioa da. Errepara iezaiozue nola ahoskatzen dituen bi esaldi horiek, nola egiten dioten korua... Urte luzez gaitz psikikoa deitzen duten horietako baten mende egon ondoren itzaldu zen Johnston. Inoiz ez zuen ezkutatu gaitza, ez zuen ezkutatu bere ahuldaderik kantuetan ere.

Ez zuen ezkutatu bere gaitz eta ahuldaderik Iñigo Muguruzak ere. Ezta umorerik ere. Elkarrizketaren batean esana zuen El Faryk gorrotatzen zuen gizon ahul klase horretakoa zela bera. «Eskerrak ahulak garen» kantatzen du Anarik, eta bai, eskerrak ahuldadeak badituen bere gorputzak, baita gizonezkoenak ere. Hiru anaia musikarietan gazteena izateak izan behar ditu bere ajeak ere, erreferentziak etxean izateaz gain. Akaso horrek egin zuen umorean eta umiltasunean aterpetzea. Baina gizon eta artista ahul horrek obra sendoa utzi du ondare. Eta esaldi bat, beti iltzatua daramadana bizitzaren erromesaldi zoro honetan; are, grisek eta ñabardurek itzala galdu duten honetan: «Nire baitan daude biak, tiranoa eta askatzailea... Borroka nire baitan hasten da, aska ditzagun geure buruak». Johnston eta Muguruza; Muguruza eta Johnston, nire baitan daude biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.