Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Badu beste zerbait

2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Marea oso behean da Iñurritzan. Nare dago itsasoa; baretasun larri batek hartua. Iraileko argi leun goiztiarra. Ohikoa izaten da halakoetan Itoizena burura ekartzea, baina Yo La Tengoren kantuetarako giroa egiten du: Today Is the Day. Akaso gaur da eguna oinez beste aldera igarotzeko, Mollarriko kalara joan eta bainua hartzeko. Ingelesezko pop-rockak ase ninduen garai batean; hainbeste, ezen enpo eginda amaitu bainuen. Baina hori ere badu musikak; zuk albora ditzakezu kantuak, are, arbuiatu eta ahazten saiatu, baina oroimenaren katebegiak automatikoki dakarzkizu bueltan, itsasoak aparra bezala. Iragan hurbil bat, baina bueltan.

Itsasoan sartu eta sentitu dut iodoaren fereka lasaigarria, eta harekin batera burutik mihirako bidea egin dit Belakoren disko berriko Mariñela2017 kantu yolatengotarrak. Feel Me Blue xuxurkantatzen du Cris Lizarragak. Pieza ederra begitandu zait; apur bat triste sentiarazi nauena. Oso orainaldikoa izanagatik, atzera egiten dit gogoak. Kantu borobilak ditu Belakoren lan berriak, ezin uka, baina epel antzean utzi naute, berriro ere 90etako garai anglora itzularaziko banindute lez. Orainaldi iragan batera bezala.

Murgil egin dut ur azpira; akaso bai, today is the day, beste aldera egiteko. Beste zerbaiten peskizan hasteko. J Martina hasi zait barrunbean oihartzunka. «Hainbeste zaratarekin ezin dut entzun / esan ezin litekeena nahi dut erantzun» prestaketako lelo zorrotz iradokitzailea aurrena, eta kolpe itsaskor liluragarria hurrena: «Baina nik badaukat beste zerbait, argitzen dit gogoa, zorroztu ere bai». Olatua hartu dut, eta bitsetan noa hondarretaraino. Bai, badu beste zerbaitJ Martinak. Oinarri elektroniko soil eta landua; elegantea eta sentsuala; letra zaindu eta iradokitzailea. Orain artean gurean oso gutxitan bezala jorratutako trap moldea. Egon dira adibide bakanak, molde batez edo bestez emanak... baina honek badu beste zerbait, orain honetatik gerora begira jartzen nauena, Mollarriko itsaslabarretik ortzimugara jartzen naizen gisan; zer etorriko den, zer ekarriko duten zain, aiduru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.