gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Mirande eta heterodoxia

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun

Garai hits-gris eta geroz eta monokordeago hauetan otzantasun jatorrari zaplazteko bat ematen diolako; artista politikoki ez politten (nahi bada, iritzi aski gaitsezgarriak izanik ere) obrak bistararazi eta debatitzeko gai izateari utzi geniola sinesten hasteko arrazoiak badaudelako; geure idazle heterodoxoentzat hartu bai baina apenas (ber)irakurri eta ikertu izan denaren heterodoxiaz, eta bidenabar, heterodoxiaz beraz eztabaidatzen jartzeko balio dezakeelako, ortodoxiek hainbestetan zaurizartatutako geure ingurumaria honetan; Badok.eus webguneak primeran jaso bezala, beste artista heterodoxo (noizbait, nonbait, alboratuak izan direnak Imanol, Maddi Oihenart, BeƱat Axiari, Oskorri...) zenbaiten bertsiok dakartzalako oihartzun bezala, hain sarri-aise ahotan darabilgun transmisioaren beharrarena (modu teoriko eta akademikoan, sarri-aiseegi) obra baten bidez gorpuzten duelako; heterodoxiaren praktika dakarrelako, Elena Setien, Grande Days eta Xabier Erkizia batuz, hau da, estilo, estetika eta ibilbide ongi desberdinekoak hirurak: pop bakarlari bat, post-rock talde bat, eta soinuaren artisau orotariko bat; bidenabar, Setien eta Grande Days donostiarrak ingelesetik euskararen mundura erakarri dituelako proiektuak; komunitatetik kanpoko ahotsek ere komunitatea ehuntzen dutelako; Forbidden Colours zigiluaren marka bereizgarria sendotzen ari delako (Moxal, Amorante, Geruza...), eta bide batez, eredu berrien xerkan gabiltzan honetan, zigilu txiki autonomoen paisaia heterodoxoki aberasten ari delako (Zart, Mukuru, Erraia, Bidehuts eta besterekin batera); kontsumo eta entzunaldi presazko eta presatien sasoian, denbora hartzera bultzatzen duen obra delako, artearen estetikotasunaren aldarria eginez, egile esteta baten bidez; eta, oroz gain, lana osatzen duten sei piezak, espezial espezialak direlako erne Jauregi hotzak azkenari, Erkiziaren ahots grabezko duo eta guzti, misteriozko mundu hipnotizante-sentsual berri bat sortuz garai hits-gris eta monokordetuotan.

Neure baitako ortodoxoa eta heterodoxo ustekoa dialektikaren dantzan jarri ditu bederen, ahaztuxea nuen ezerosotasun kitzikagarri baten lurraldea ongarrituz.

Badira arrazoi batzuk Mirande entzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.