gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Musikaren sindemia

2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun

Do-re-mi; sin-de-mi. Paradoxa ez hain polit bat: musikarien lana ezagutu ez ezik, gertutik jarraitzen eta mimatzen duten gehientsuenek ez dute baliabiderik izaten haiek behar besteko duintasunez ekartzeko etxera, kontzertu, jaialdi edo zernahi ekitalditara (hornidura tekniko, diru edo beste). Aldiz, baliabideak izan badituzten administrazio erakundeek nahiz konpainia pribatu handiek ez dituzte behar beste ezagutzen eta jarraitzen, ez baitzaie interesatzen mozkinaz edo marketinaz haragoko-honantzagoko kulturarik.

Musikariaren egoera prekarioaz kontzientzia hartzeko balio izan du aurtengo egoera malapartatuak. Musikariek, beste hainbat kolektibok bezala, baliatu dute euren duintasun aldarriak jotzeko, protesta egiteko, elkartzeko, eta baita antolatzen hasteko ere. Ez da gutxi. Nago, baina, honetan ere interesgarria litzatekeela musikariaren egoera prekarioa sindemia kontzeptuarekin lotzea pandemiarenarekin baino gehiago.

Do-re-mi, sin-de-mi. Egon litezkeen faktore eta aktore guztiak (ahalik eta gehienak) kontuan hartzea; adibidez, afera honetan guztian ahaztuxeak geratzen diren antolatzaile txiki eta boluntarioen kasua. Inor gutxik izaten ditu kontuan. Eta haietaz akordatzean, kritikatik izaten da usu: Ā«Ezin dira kontzertuak antolatu halako baldintzetanĀ», da mantra maiztua. Akaso egia da: ezin dira kontzertuak antolatu zenbait baldintzatan. Baina antolatzaile txiki horien (gaztetxe, taberna-areto txiki, elkarte, kultur kooperatiba...) baldintzapen sozio-kultural-ekonomikoak ere kontuan izan behar dira, eta baita haiek ere euren denbora baliatzen dutela antolakuntza lanetarako, sarri boluntarioki. Horrek guztiak eskatzen du kulturaren ekosistema ereduaz hitz egiten hastea, eskatzen du kultur industria kontzeptua auzitan jartzen hastea, prekaritatetik nekez irtengo baita musikaria bera ekosistema guztia aintzat hartu ezean, eta ikuspegi kooperatibo-integral bat txertatu ezean.

Do-re-mi, sin-de mi. Kontua ez baita udako makrojaialdiak arranditsuki elikatzea, Kursaalak eta Arriagak ez-dakit-zenbat-egunez betetzea, baizik eta eguneroko kultur zirkuitu txikiak martxan izatea, su txikian bada ere...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.