Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Orri zuri baten aurrean

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Sormena ez da kontzeptu huts bat, ekintza bat baizik: premiazkoa dena egitea. Esperientziaren espektro osoaren eta bakartasun sentimenduaren adierazpena ez ezik, gizarte ekintza bat ere bada, besteekin partekatzean dimentsio berri bat hartzen duena.

Sortzailea izateak norberaren erronkak gainditzea dakar. Nork bere existentzia modu sortzaileagoan igarotzeko aukera ematen digu, mundura irekiz, norberaren baliabideak erabiliz, barne oreka aurkituz eta modu sutsuagoan biziz.

Sortzaileok etengabe gabiltza munduari galderak egiten. Gehienetan erantzunak aurkitzen ez ditugun arren, galderaz betetako puzzle baten antzekoa bidaltzen diogu entzuleriari, eta hark puzzlearekin zer egin erabakitzen du. Batzuetan, jendea hausnartzera daramagu, haiek euren erantzunetara iritsi arte. Halaber, mugen haustura ere bada, bizitza bere buruaz harago mugituz. Bere integritate zentzua dela eta, bizitzak gure natura intrintsekoa baieztatzeko eskatzen digu, gizaki gisa dugun esentzia.

Eraldaketa prozesu horretan parte hartzeak plazer handia sortzen dit. Pertsona bati metafora bat islatze hutsak bere burua ezagutarazten laguntzen dio. Izan ere, orri zuri baten aurrean jartzean eta gogoeta prozesu bat burutzean, gure barneko deabrurik maltzurrenak ezagutzen ditugu, aldi berean norbera hazteko eta amiltzeko gai direnak.

Oro har, nago artelanak gure inkontzientearen proiekzioak direla, alegia, gure garunaren eraikuntza bat. Era berean, inkontzientea gure artelanen gidari bihurtzen da, barneko pultsioek azaleratzen baitute benetako edukia.

Obra bakoitza bizitzako gai ezberdinak aztertzeko aukera bihurtzen da, norberarentzat kongruentea eta kitzikagarria den ingurune batean. Hala ere, artelan bat ez da sekula guztiz osatzen, sortzailea gainditu ezin duen heldutasunera iristen ez den arte. Poema bat mila aldiz berridatzi dezakegu, eta zirriborro bakoitza pentsamendu ezberdinak esperimentatzeko modu berri bat izan daiteke. Hitz berriek norberaren esperientzia, norberaren ideiak, hitzak eta irudiak aldatzen dituzte. Berridatzitako poema bakoitzak, beraz, bere barne balioa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.