Paule Bilbao Ajuriagerra.
BI AHOTSETARA

Burdinazko ardatza

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Azaroak 20, gaueko hamaikak. Euria ari du aspaldi ez bezala, eta, ilundu duen arren, euriak eta gauak elkar jatea erabaki dute. Behera eroritako etxe baten alboan aurkitzen gara, eta atsekabetasuna nabaria da. Honen oinarriak eta garai batean norbaiten etxea izan zenaren hondakinak besterik ez dira geratzen. Egitura suntsitu honen erdian burdinazko ardatz bat aurkitu dugu, etxeak pairatu duen guztiaren ondoren ere, tinko eta erresistente mantentzen dena. Garai batean, etxearen euskarri nagusia izan zena eta etxe horretan hazi diren pertsonei gotorleku bat eman diena bertan mantentzen dela ohartu gara. Etxea amiltzear zegoenean ere, burdinazko ardatz hau, tinko, segurtasuna ematen bertan mantentzen zen.

Burdinazko ardatz honek ingurunearen eraldaketak jasan dituen arren, sendo mantentzen den bezala, musikarekin gauza bera gertatzen da. Musikak berbera izaten jarraituko du orain edo ehun urte barru; aldatuko dena, ordea, inguruko guztia izango da, entzuleak eta musikariak barne. Musika iraunkorra da. Gainera, entzulea artistarekin batera hazten da, elkarrekin bidaia bat sortuz. Gaztetan kontzertuetara joaten zen hark, urte batzuk geroago bere seme-alabekin oholtza gainean sortzen den magia partekatuko du. Artista, beraz, bidelaguna da.

Halaber, musikak sortzen dituen harreman sozialak edota asoziazioak egoera, pertsona edota momentu zehatz batzuekin lotzen dira, eta, askotan, honek bideratzen du musika konkretu batek belaunaldi zehatz batekin harremana izatea, komunitate eta pertenentzia sentimendua ematen delako. Beste faktore garrantzitsu bat tendentziak dira, eta, gaur egun, teknologiaren aurrerapenari esker, musika estilo eta sonoritate ezberdinak lantzea errazten dute, baina bai aitortu behar dugu, oro har, adin tarte edo belaunaldi zehatz batekin lotzen dela, teknologiari buruzko ezagutza sakonagoak baitituzte.

Azkenik, hezkuntza ere aipatu beharra dugu, kontsumitzen dugun musika izan dugun heziketaren ondorio bat izan daiteke eta. Beraz, ez dut uste adin kontu bat denik, baizik eta jaso dugun kulturarekin zerikusia duen zerbait. Hala ere, musikak, modu objektibo batean, adinik ez duela deritzot, bai obra moduan, baita entzuleen adinari erreparatuz ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.