gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Txori errariak

2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Beirate gardenaren kontra euri tantak bortitz datoz haizeteak lagunduta. Enbata da kostaldean, negua sartu da Kantauritik barrena. Ez da beste inor kafetegian; itsasoa parez pare: olatuak harro, kresala zuri. Zuzendaririk gabeko orkestra, pentsatu dut nire baitarako: euri tantak, haizea, itsasoa, kaio karrankari bakartiren bat.

Anabasa askea, armoniatsua nire belarrietara.

Kaosean, hunkidura.

Tristuran, sosegua.

Atzo zen abenduaren 1a. 2008koan partitu zen beste munduren baterat maisua. Txorizalea zen Laboa, arima hauskorren klubeko gehientsuenak bezala. Begiratzen zituen, behatzen zituen, imitatzen zituen. Maite zituen.

Atzo zen abenduaren 1a. Beste munduren baterat partitu zen Panpi Ladutxe, txori kantarien sehaskakoa hura ere.

Musikazalea da tabernaria; komunak garbitzera joan da. Ruper Ordorikaren Sekulaberladiko kantaria utzi du jarrita. Gozo sartzen da belarrietatik, baina begirada eta gogoa kanporantz doaz ezinbestean, arnas itoak denboralean oihu egin nahi balu bezala, barne giro hitsak, kanpokoarekin bat egin nahiko balu bezala.

Ordorikaren kantuak laguntzen du. Tristuran sosegua.

Itsasoaren orroak askatzen du. Kaosean, hunkidura.

Aspalditxoan ez zintudan ikusten. «Zer moduz, bezino?» zenuen beti lehen galdera. Ez dakit txoriak gustukoak zenituenetz, baina zeu txoriak bezala azaltzen zinen, kalean, tabernan, atarian: ezustean, airoso, irribarrea ahoan. Beti presentzia atsegina. Graziako, amultsu, sentibera. Txoria. Hauskorren klubekoa. Munduaren ordena ustel honetan errari.

Atzo zen abenduaren 1a, partitu zinen beste zeruertz baterantz.

Itsas-haizearekin batera irits balekieke besarkada eta babes auzotarra zureei.

Euria eta haizea baretu dira beiratearen beste aldean.

Laino berunean arrakala txikia, urdingunea.

Txori bat irudikatu dut pausaturik leihoan.

Errarien zeruertz bat miran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.