gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Katuak eta teilatuak

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lau katu izan eta apur horiek elkarri ostiaka aritzen garela dio esamesa popularrak, baina bai zera, utikan! «Nor gara gu, zer gara gu, euskotarrak gara gu?», galdetzen du Ruper Ordorikak. Katuak ez, teilatuak gara, eta, azken asteotako matrakari kasu eginez gero, lau ez, dozenaka, eta are, zientoka eta ezinkontaka. ETBk minbiziaren kontra egiteko asmatu kantu-jolas maratoiak gehiago dirudi arduradun publikoen zuriketa ariketa bat eta ez hain kausa noblea sustatzeko egiturazko neurri eraginkor bat. Beude katuak kantari eta orrukari teilatuetan, baina nekez egingo da horrela gaitzaren kontra, eta nekez sustatuko da, halaber, euskal kantugintza, musika, zein kultura, lehen ere ondo ezagun eta totemikoa zen kantua behin eta berriro errepikatuz…

Teilak ondo finkatua egoteko zoru oinarri sendoa behar izaten du, aitzitik, eta hortik eskas samar ez ote gabiltzan. Eusko Jaurlaritzak egindakoa da euskal kulturaren azken kontsumo azterketa. Beharrezkoak izango dira oro, baina eskapatu egiten zaizkit interpretazio eta giltzak. Oraintxe azalduko dute norabide bat, oraintsu bestea. Azken honen arabera, musikaren esparrua onik-edo ateratzen da, ondoen ezpada. Euskaldunen erdiek baino gehiago kontsumitzen omen dute euskal musika... Eta nago emaitza eta baieztapen horrek ere gehiago erantzuten diola, beste behin, arduradun publikoen zuriketari, eta oinarriari bainoago teilatuari erreparatzeari. Zeren eta atentzioa ematen baitu horrelako seta jartzeak non, eta kontsumoan; bestalde, ez da hori botere publikoen jaidura soilik, baita kulturgintzako hainbat sektore eta eragilerena ere.

Katukmorun marramiauka jartzen naiz halakoetan, atzaparrak eta apatxak aterata, kulturaren oinarriek gehiago dutelakoan ikustekorik partekatzearekin, bizipenekin, sorkuntzarekin, (auto)kritikarekin… Adibidez, egunotan Durangoko Ahotsenean karpapean gertatzen den horrekin, edota Bidehuts, Erraia, Mukuru edo Zart zigilu kolektibo autogestionatuek egiten duten lanarekin. Baina arretarik ez ia horiei…

Nor gara gu, zer gara gu, lau katu ere ez, lau teilatu gara. Lastozko arin hauskorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.