gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Nor bere burbuilan aske

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Gustuko dut; nahi beste aztora zintezke, nahi beste garrasi egin zenezake, baina ezin duzu inor kutsatu, eta bitartean ahaztu zenezake gertatzen ari dena». The Flamming Lips taldeko buru Wayne Coyneren hitzak irakurri ditut sakelakoan, eramateko kafea eskatzeko ilaran zain nagoela Rosaenean. Kontzertu berezia eskaini du taldeak Oklahoman, AEBetan. 100 lagun izan ziren pribilegiatuak. Plastikozko burbuila batzuetan sartuta jarraitu zuten emanaldia: burbuila bakoitzean hiru lagun egon zitezkeen. Botila bat ur, pilaz kargaturiko haizagailua eta toalla bana zituzten.

300 dolarren (248 euro inguru) truke burbuilako.

Ez nau harritu albisteak. 2006 urrun hartan, musika bizitzeko beste burbuila batek bizi ninduen, eta izan nuen The Flaming Lipsen espektakulu argizko, puxikazko eta abarrekoa ikusteko aukera Bartzelonako Primavera Sounden. Zalea izan gabe, ez nuen desatsegina haren musika, baina deseroso sentitu nintzen ikuskizunaren aurrean. Ez nekien zergatik. Deserosotasun horrek goia jo du burbuilen kontzertuarekin. Birusaren, pandemiaren aurkako kontzertua dela haizatu dute hedabide nagusiek; halatsu Coynek berak.

Burbuilaren kontzeptua bera ez ote da, ordea, birusa; aspaldi lehertu zen dirukeriaren burbuila, baita musikaren zoruan ere; gizarte joerak bezalatsu musika bizi-kontsumitzeko moduak aspalditxoan hartua zuen nork bere burbuilan isolaturik egiteko hautu eta jaidura. Bide batez, ez da harrigarria egiten indie anglosaxoi talde batek literalki irudikatu izana burbuilaren metafora; baina ez dago oso urrunera joan beharrik burbuila aske-ustekoa sumatzeko geure-geureko esparruetan ere, bai ghetto bihurturiko gune kultureta hiperkritikoetan, baita nork bere etxe-oskolan musika entzuteko ohituretan ere.

Nerabe japoniar askok egunak pasatzen omen dituzte gelatik irten gabe, euren burbuilan isolaturik, aske, ate azpitik janaria pasatuz elikatzen dituzten bitartean.

«Altxa burua, motel! Orain ere zeure burbuilan sartuta», arrapostu egin dit Rosak, begiak sakelako pantailatik kentzen ez nituela jabetuta.

Zenbat balio ote du gutako bakoitzaren plastikozko burbuilak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.