gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Cuevas eta modernitatea

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun

Rodrigo Cuevas Oviedoko (Asturias, 1985) musikaria da: kabareteroa, folklorista, perkusionista, DJa, elektronikaren erabiltzailea, kopla eta tonada zaharren biltzailea. Bartzelonan egin zituen urteak bizitzen, musika ikasketak burutu bitartean. Galiziako herrixka batera joan zen gero, eta bertako musika herrikoia ikertu zuen. Asturiasera itzuli zen hurrena. Landa guneko beste herrixka batean bizi da egun. «Herri jakintza, alboratu ez ezik, gutxetsi ere egiten dugu, modernitatearen ustean».

Ez da antzeko ondorioetara iritsi den musikari garaikide bakarra. Asturiasen bertan, molde batez edo bestez, herri musikei, kantu, kopla eta tonada zahar herrikoiei eta harremantzeko distantzia hurbilagoei erreparatu diete Nacho Vegasek, Lorena Alavarezek, Elle Belgak edota Pablo Und Destruktionek.

Ez dira aparteko lanetan ari Baiuca galiziarra, Maria Arnal i Marcel Bages kataluniarrak, Califato 3/4 andaluziarrak, Hermanos Cubero gaztelarrak, edota Mursego eta Amorante guretarrak, zenbait aipatzearren.

Rodrigo Cuevasen kasua bereziki da kontrastez aberatsa. Itxuran, pentsamendu estandar hegemonikoan, balirudike kabaretero elektronikazaleak hirian behar lukeela ostatu, kosmopolitismoaren esparru geografikoan mugitu behar lukeela eroso, sentitu bertan goxo. Baina...: «Herrixkan behar dudan guztia daukat: kantuak, dantza, istorioak, jende xumea, erromeria, alaitasuna...».

Badaki landa-bizitza idealizatzea duela arrisku urbanitak. «Hala balitz ere, merezi du esperientziak». Baina ez da bere kasua. Eta folklorea ulertzeko duen moduak ere ikuspegi kosmetiko pastixe hutsa baino sakontasun handiagoa dauka. 2019ko Manual de cortejo lana ondu aurretik landa ikerketa egin zuen, nekazarien kantuak bilduz eta grabatuz, emakumeen eskutik, batez ere.

Ez da musika ulertzeko modu bakarra, jakina, baina modernitatea garaian garaikoari erantzuteko beharrezko tresna bada, Cuevasen hautu eta proposamenak guztiz dira modernoak garai pandemikootan.

Ez da musika ulertzeko modu bakarra, jakina, baina neuk une honetan behar dudan guztia dauka haren proposamenak: kantua, dantza, umorea, bere ingurune hurbilarekiko sentiberatasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.