gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Bidegurutzean (I)

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Tximistak hurbil jo du; lehoien iturriko bidegurutzeari begira ari natzaio, Rosaenea barrutik. Blues zaharrerako giroa dago. Bidegurutzeetan dago musika. Merkantzia tren bat ziztu bizian igaro da, hala salatu du burdin abarrotsak; «kargako trena, kargako trena, hain azkar doana; mesedez, ez ezazu esan zein trenetan noan, jakin ez dezaten zein den ene bidea». Elizabeth Cottenen Freight Train-en letra zein melodiak akordura. Orain gutxi izan dut haren berri, eta geroztik, aldika-aldika datozkit hitz horiek gogora, haren ahots xalo kraskatuz. Ez zen oztoporik gabea Cottenen (Cottonetik eratorria?) bidea. Berezko izenez Elizabeth Nevills, Ipar Karolinako Chapel Hillen munduratua, 1893an, familia musikazale eta erlijioso batean, bost anai-arrebetan txikiena. Beltza, txiroa, neskatoa. Ezkerra.

Bospasei urte zituenerako jotzen omen zuen banjoa, eskuinentzat atondutakoa, baina bere gisara, ezker eskuz, melodietarako bi hatz soil erabiliz. Apur bat geroago, 10 urteak igaro berritan, sortu zuen Freight Train. Urte askoan, ia lau hamarkadatan, inork ez zuen izan haren berririk, ordea, gertaera bitxi batek bizitza aldatu zion arte. 50ko hamarkada erdialdera, Washingtongo Landsburgh's biltegian lanean ari zela galdurik zegoen neskatila batekin topo egin, eta ama aurkitzen lagundu zion.

Bidegurutzeetan dago musika, beste inon baino areago. Ruth Crawford Seeger musikologoa zen ama hura, eta bere hiru seme-alaben zaintzaile izateko eskaintza egin zion. Cottenek onartu, eta orduan hasi zen berriro gitarra atera eta umeei jotzen. Semeetako batek grabagailu batekin grabatu zizkion kantu zaharrak, tartean Freight Train, eta 1958an plazaratu zuten Folksongs and Instrumentals with Guitar diskoa. Youtubek egiten ditu zenbaitetan mirari txikiak; badago bideo bat, data finkaturik gabea, zeinetan azaltzen den Cotten adindu bat Freight Train kantatzen. Ahots hauskor, urratu, ausartez.

Bidegurutzeetan dago musika, fisiko nahiz mentaletan. Barne musika erresonantziak bere lotuneak izaten ditu. Cotten entzun eta segidan etortzen zait Daniel Johnston, eta haren The Story of an Artist. Eta bidegurutzeen kapritxoak, haren ondotik, jarraian, Hegazkin proiektu berri interesgarriaren Isilpean nabil orain kantuan.

Atzematen zail den bidegurutzeak batu ditu nire baitan hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.