gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Bidegurutzean (II)

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bidegurutzeetan dago musika, inon izatekotan. Badira ñabardurak; ezkor porrokatuak esango du gurutzebideetan dela batez ere. Maitekor sentiberarentzat igurztebideak izango dira oroz gain musikarenak; gurtzebideak mitomanoarentzat; agurtzebideak lehenetsiko ditu malenkoniatsuak; egurtzebidean izango da pagotxa kritiko superlatiboarentzat...

Neu bidegurutzearen irudiarekin geratzen naiz. Denboren eta espazioen arteko bidegurutzeekin, geografien eta belaunaldien artekoekin. Zokondo honetan eginak gaude lehen ere kontraste bortitzen aldeko apologiatxoa. Urte askoan Zumarraga-Urretxuetatik Azkoitirako bidegurutzea bihurtu zen musikaren gau-lurrina zekarren gune zehatza hogeitagutxi urteko lagun musikazale taldearentzat. Ez gutxitan behatz potoloa erakutsiko genuen Urolako tren zaharra igarotzen zen pasabidean auto-stopa egiteko (denboraren zein bidegurutzetan galduko zen ohitura zenbaitetan arriskutsu, zenbaitetan aberasgarri eta partekatu hori-hura?), nork hartuko zain. Azkoitiko Dean, Atrasku edo Matadeixe izaten ziren jomuga ohikoenak. Batzuetan kontzertuen irrikaz, besteetan parranda-dantzarako apetaz. Ostiral edo larunbat gauetan Urolan behera lagunekin joate horrek bazuen mistika su-piztaile bat.

Dozena paretik gora bihurgune, haran itxi-iluna, errekaren marmarra, eta lehenago edo geroago Robert Johnson azaltzeko esperantza. Edo deabrua bera, nork jakin! Matadeixek bazuen musika zaratatsu avant-garde-aren aura hori, eta gustura gu, ezin moderno eta alternatiboago. Handik kilometro erdi eskasera, Lajaren baserria zegoen. Hara ere joaten ginen tarteka, bestelako premiez. Bokadilo kozkorra jatera eta sagardoa edatera, esaterako. Laja trikitilari handia ere agertzen zen aldika. Matadeixen eta Lajaren arteko 500 metro horien artean zer mundu ez ote da kabitzen, zer bidegurutze ez ote liteke irudika hor, zer deabru ez ote liteke atera hor.

Sarri galdetzen nion neure buruari: ba ote dute elkarren berri Akauzaztek eta Lajak? Elkar ezagutzen ote dute, nahiz eta musikatik aparte izan. Bostehun metro eskasera egonik, hain urrun ote daude bi musika unibertsook, edo uste baino gertuago?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.