Ilargi Agirre.
Musika. BI AHOTSETARA

Oporrak

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Arrotz eta triste geratu dira eskola edo ikastoletako eraikinak umeek ihes egin dietenean. Mutu eta goibel musika eskoletako gelak. Badirudi alaitasun guztia ikasleek eraman dutela, oporrena sentipen liberatzailea baita, erabat aringarria, haurtzaroan eta baita gero ere, heldu edo heldu izeneko bilakatzen garenean.

Aringarria, eguneroko kezkak alboratzeko tarte ematen digutelako, eta, gehienez ere, gosaldu ondorengo plana zehaztea delako buruhausterik handiena. Zutabe honek ere oporrak hartzen ditu uda garaian, baina ez dut uste aspertuko garenik bitartean. Eta aspertzen bagara ere ederki eskertuko dugu, egia esan.

Zer asmo ditugun bi hilabete hauetarako? Hasteko, Donostiako Elkar estudioetan sartuko gara kanta bat grabatzera. Joseba Sarrionandiaren omenezko diskoan parte hartu behar dugu Mice-rekin —hainbat talde bildu dituzte diskorako, eta bakoitzak abesti bat egitea da asmoa—. Guri ere kantu bat egokitu zaigu, eta Ez diren gauzak poema ederra musikatu diogu. Hori grabatzea izango da hurrengo asteko lana. Bi egun pasatuko ditugu estudioan sartuta buru-belarri.

Ondoren, Sanferminak iritsiko dira, biharamun galantak eguzki izpiekin batera, eta, errekuperatu orduko, Eako (Bizkaia) Poesia Egunak uztailaren erdialdean. Hara asteburu-pasa joango gara, tartean kontzertua ere eskaini behar baitugu larunbatean.

Hiriburuko festen tourrarekin jarraituz, Baionako festak iritsiko dira ohartu orduko, Gasteizkoan Zeledon agurtu eta gero, Donostiako Aste Nagusian kontzertua dugu Piraten agertoki handian. Bilboko festetan ere bai; komantxe konpartsan joko baitugu, eta orduan ere badakit gaua konturatu gabe luzatuko zaigula eta oroimenean gordetzeko moduko bitxikeriak gertatuko zaizkigula ordu txikitan.

Beraz, zutabe honetan aurkitu ezin nauzuenok badakizue nondik nora ibiliko naizen hurrengo hilabeteetan. Bidean elkar ikusiko dugulakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.