gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

'Quercis oratio'

2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Gizartearen izena, boteredunen mauka/ herriaren izenean, beste batzuek zaunka/ gizakien hitz bakoitzak esanahirik badauka, nork jarri du herria gizartearen aurka?».

Bertsozalea izanagatik ere, ez dira asko memorian zehatz gorderik ditudan bertsoak. Lazkao Txikik ispiluaren aurrean kantatutakoak, Maialen Lujanbiok gobara gizarteratu zuenekoa... eta beste pare bat gehiago. Jon Sarasua eta Aitor Sarasua anaiena da bertsoa, 1995eko Fauna txiki bat bertso berritan (Elkar) disko eder eta jada ahantzi samarrean bildua. Quercis Oratio du izenburutzat sortak (Haritzaren otoitza), eta, gaur egungo hainbat kontu ikusita, batere gaurkotasunik galdu ez duena da. Are, gaurko hainbat gai eta gaitzen muin-muinari zizta egiten diona da.

Lau bertsoko sorta. Lehen biak Aitorrek kantatzen ditu, bakarrean eta a cappella. Eta igartzen da jada zein musikalite goxoa duen haren kantaerak, zein dardarizo leuna. Mezuari gehigarri adierazkor bat eransten diona. Eta are indar poetiko eta emotibo handiagoa hartzen du kantuak Jon anaiarekin batera azken bi bertsoak duoan abesten dituenean, eta azken bi ahapaldietan honako hau diotenean: «...sustraiak eta adarrak ez dabiltza aparte/ gizartea herri nahi dut ta herria gizarte».

Ume koxkor ginela Aitor Sarasua ezagutzeko parada izan genuen Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolako lagun zenbaitek. Gertutik gerturako tratuz hartu gintuen; grazia eta zirika ederrez xaxatu gintuen bertsotan. Bereganatu gintuen. Gerora, bertsozaletasuna apaldu samarturik nuela iritsi zen Fauna txiki bat diskoaren agerpena. Eta fauna hartako hitz bizi zorrotzek nahiz disko osoaren musikaltasunak berriro txertatu zidaten bertsoarekiko mira. Bertsoa zen hura, kantua zen hura, musika zen hura.

Aitorren heriotzaren berri izan bezain pronto, umetan bertso taldean ibilitako lagunak idatzi zuen WhatsApp-en: «Ez zuen bertsolari bikainaren ospea, baina niri asko gustatzen zitzaidan. Bazuen zerbait oso berezia...».

Bihoakio samurtasunez oratio xume hau, eta ahots goraz taldean kantaturiko azken puntu hura: «gizartea herri nahi dut ta herria gizarte!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.