Albistea entzun

BI AHOTSETARA

Laboa 'belarriprest'

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko abenduak 2

«Nola duzu abizena?». «Oñati ingurukoa da abizen hori, ezta?». «Zer entzuten duzu? Anari eta Lisabö gustatzen zaizkizu? Urte asko daramatzazu lan honetan, urte asko galderak egiten?».

Izan zitezkeen kazetariak musikariari egindako galderak. Ez baina. Alderantzizkoa gertatu zen. Sortzailea, musikaria izan zen kazetariari galdezka hasi zitzaiona. Jakin-min xaloz galdetu ere. Eta horretan jarraitu nahiko zukeen. Agerikoa zuen galderak erantzutea baino nahiago zuela parekoarekin solas egitea. Haren berri izatea; hura kazetari gazte samar eta guztiz xalo bat izanagatik ere. Haurraren begirada zuen, eta begirada hark jakin-mina islatzen zuen. Hori bakarrik; hori guztia.

Elkarrizketaren une batean txoriak atera ziren mintzabidera. Burua urrunera begira jarri zuen: «Asko erreparatzen diet. Zein zaila beraiek bezala kantatzea, ezta? Zuk entzuten dituzu?». Billie Holidayren txanda iristean, dirdira berezia begietan: «Haren biografia irakurri nuen, eta txundituta. Nola kantatzen zuen, zein sentimendurekin. Entzuna duzu haren Strange Fruit? Zer iruditzen?».

Bestearekiko interesa zuen, inguruarekikoa. Musikarekikoa bezala abizenekikoa, txoriekikoa, belaunaldi eta jarduera desberdinekikoa... Umetan Gernikako bonbardaketaren kontakizunek asaldatutako ume hura belarriprest bat zen. Entzuten zekien. Entzuten zuen. Galderak egiten zituen. Lekeitioak bere galderak ziren; orobat, Langile baten galderak liburu baten aurrean ere.

2005eko azaroaren 30a zen. Bilbon aurkeztu zuen Xoriek 17 azken diskoa. Nekatuta zegoen; ez alferrik, aurretik hamaikatxo elkarrizketa eginak zituen. Eguneko azkenetariko bat zuen, baina, hala ere, galderak zituen bestearekiko. Garai postmoderno likidootan, bestearekiko interesa, bestetasuna guztiz urritzen ari zaigula dio Byung Chul Hang pentsalariak. Mikel Laboaren berezitasunaren sorburua zertan zetzan ulertu uste nuen orduan...

Hamahiru urte geroago, zein galdera ote zituen belarriprest hark? Zein poeta berrirengana joko ote zuen? Joango ote zen osteguneko Rukula eta Wireren kontzertura? Traparekiko interesik ba ote zukeen?

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Gaiak

Albiste gehiago

<b>'O corno'.</b> Jaione Camborda —eskuinetik bigarrena— eta filmeko aktore taldea, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

Gorputza, zapalkuntza eta ahizpatasun sareak

Mikel Lizarralde - Itziar Ugarte Irizar - Ainhoa Sarasola

Jaione Camborda zinemagile donostiarrak galegoz grabatutako 'O corno' drama aurkeztu du. 'The Royal Hotel' eta 'Le successeur' filmak ere lehia ofizialean dira
 ©MAIALEN ANDRES / FOKU

«Ibaiak ez du hiltzen; politika arrazistek hiltzen dute»

Jone Bastida Alzuru

'Black is Beltza II: Ainhoa' filma aurkezten ari zen bitartean, bazuen beste proiektu bat esku artean Muguruzak: 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala. Bidasoan jazotakoa bildu, eta bertan hildako migratzaileak oroitu ditu.

Teshigahararen <em>Tanin no kao</em> filma (Bestearen aurpegia). ©SOGETSU FOUNDATION

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.