BI AHOTSETARA

Beharbada

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Rural Zombies taldeak bere ibilbidea bertan behera utziko duela jakinarazi du. Musikari profesionalak ez direla arrazoitu dute, eta, ondorioz, euren benetako lanbideek taldeari eskaini nahi lioketena baino denbora libre gutxiago uzten dietela.

A!, baina musikariek dirua behar al dute bizitzeko? Hala omen. Elezaharrek diotenaren aurka, sortzaileek, dirudienez, dirua behar dute. Bai, bai, kontzertu ostean zoriontzeko bizkarrean emandako esku-zartek ez omen dute balio. Baina ez al da ba afizio huts bat? Nik uste nuen asteburuan mendira egun-pasa joatearen parekoa zela. Dirudienez, ordea, orduak eta orduak igarotzen dituzte nik larunbat gauetan, pote batekin eskuan, ordubete eskas batez gozatzen ditudan kontzertuak entseatzen. Eta egun erdia igarotzen omen dute furgoneta kargatu eta kontzertu lekura iristeko.

Horri, gainera, beste ordutxo batzuk gehitu behar omen zaizkio kargatutakoa deskargatu eta soinu probak egiteko. Hori gutxi ez eta, oholtza gainean defendatu dituzten eta nire momenturik ilunenetan lagun izan ditudan abestiak sortzen eta grabatzen ere beste ordu piloa sartzen omen dituzte, emozioetan eta dirutan zenbaki gorrietan geratuz.

Gainera, hor nonbait entzun dudanez, kontzertua amaitu ostean, askori 50 euro eskas ordaintzen omen dizkiete soilik. Horiek hartu, berriz ere dena furgonetan kargatu eta irabazitakoa gasolinan inbertitzen omen dute etxera bueltan.

Baina, tira, gustukoa dute, ezta? Eta, gainera, zerbait ordaintzen diete. Ez dute, ba, horrenbeste aspertzen dituen baina hain ongi ordainduta dagoen bulegoko benetako lana utziko, ba, musikagatik! Azken finean, afizio bat da.

Hausnarketa horien ondoren, ordea, susmo xume bat gainetik kendu ezinik nabil: beharbada, diruak ez du guztia justifikatzen. Beharbada, afizioek beharko lukete gure benetako lanbide. Nire egunik ilunenetan garrantzitsu izan zitezkeen zenbat abesti geratu ote dira sortu gabe lanbide beharrean afizio huts zirelako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.