Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

'California dreamin''

2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Aurten ere, Miarritzen ospatuko da Wheels and Waves izeneko festibala, «topaketetarako eta abenturetarako askatasun gunea», antolatzaileen esanetan, eta hainbat alderdiri garrantzia emango diote horretarako: motorren kultura, skate parkeak, surfaren inguruko ikuskizunak eta musikaz gozatzeko aukera izango dira Ozeanoaren Hiriaren gunean, ekainaren 21etik 25era. Lur eta zur geratu naiz, jakin dudanean AEBetako Allah-Las taldek jaialdiaren XII. edizioan joko duela, zehazki azken egunean, igandean, 13:30ean. Sarrerak 27 euro balio du. Egitarauari errepasoa eman diot, eta ezkutatuta eta letra txikian galdu da kontzertuari buruzko informazioa. Nola da posible? Ez al da arraroa? Allah-Las, demontre!

Agian ni naiz arraro xamarra. Hauxe da azken hamar urteetan gehien entzun eta maitatu dudan taldea. Epe batez nire altxor kuttunena izan zen. Nire ingurukoei jarri dizkiet diskoak, txundituta, deskubrimendu handi bat egin izan banu bezala. Orain esan dezaket: nire lagunak batu egiten ditu Allah-Lasek. Denona da. Ez naiz sekula Kaliforniara joan, baina haiek egindako musikagatik klixe guztiak sistematikoki identifikatu ahal izan ditut: eguzki izpiak hodei artean, itsasertzeko haize gozoa, surfa, olatuak, bizitza lasaia...

Nire buruak West Coast-era bidaiatzen du Catamaran kantua entzuten duen bakoitzean; lehen, orain eta beti. 60ko hamarkadako garaje doinuak XXI. mendean txertatzeko gai direla erakutsi du laukoteak, bereziki 2012an izen bereko lehen diskoa kaleratu zuenean, hamabi abesti ahaztezin bilduta. Hiru LP gehiago atera dituzte (Whorship the Sun, Calico Review eta LAHS), denak gomendagarriak, hasierako doinuetatik gehiegi urrundu gabe. Hainbat aldiz ikusi ditut zuzenean, eta hotzegiak direla diote batzuek. Ez nago ados. Eleganteak dira, besterik gabe. Apartekoa dena ohiko bihurtu dute. Eta, gutxi balitz, barkatuko didazue fribolitatea: mutil guapoak, argalak eta estilosoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.