BI AHOTSETARA

Ispilatzeak

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Hil ditzagun gure jainkoak, ez du horren beharrik musikakĀ», dio bozgorailuetatik Willis Drummond taldeak. Pentsatzen jarri naiz ia denok izan ditugula noizbait gure jainko txikiak. Ziur nerabezaroan lagungarriak suertatu zaizkigula, gure nortasuna eraiki eta balioz janzten erakutsi baitigute; borrokarako grina piztu, eta hainbat egun ilunetan lagun izan ditugun kantuak sortu. Baina denborarekin ohartzen zara abestiak artista bera gainditzen duela. Egungo gizarteak, ordea, alderantziz ulertu duelakoan nago. Horren adibide Rosalia Pull & Bear arropa markaren irudi bilakatzea. Kataluniarra irudikatzean, bere musika bezainbeste datozkigu bi piezatako txandalak eta azazkal luzeak. Arrakasta bera edukiko al zukeen garatxoz betetako eta kilo batzuk soberan lituzkeen Rosalia batek?

Edota pentsatu egun bete-betean dauden trap estiloko artistetan, ziur euren musika baino lehenago datorkizuela beraien irudia, ia musikari protagonismoa kenduz. Beraien bideoetan eta argazkietan milimetrikoki kalkulatuta dago azken ileak ere non egon behar duen. Duda sortzen zait, irudiaren mende honetan, jendeak nahiago dituen Instagramera igo daitezkeen musikariak ala benetan maite ote duten euren musika. Argi dago denok, nahita edo nahi gabe, irudi bat helarazten dugula, eta horrek guk nahi baino gauza gehiago komunikatzen dituela. Horregatik, berau zaintzea ulergarria iruditzen zait, guk nahi dugun hori transmititu dezagun, betiere garbi baldin badugu kantuak direla funtsezkoenak. Hori argi izan ezean, irudi hain erakargarria ez baina proposamen interesgarriak dituzten hamaika musikari ezagutzeko aukera galdu baitezakegu. Musikak musikazaleak behar ditu, ez talde gutxi batzuk soilik jarraitzen dituzten jarraitzaileak. Musikaren mesedetan hobe idoloak hil baino, hauek sortzeari utziko bagenio. Ez al da ideia ederragoa pentsatzea normaltzat dugun edonork sortu ditzakeela salbatuko gaituzten abestiak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.