Lide Hernando.
BI AHOTSETARA

Klik

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Sarritan galdetu didate zer sentitzen dugun musikariok oholtzara igotzen garen bakoitzean. Hamabostean behin okupatzen dudan espazio hau, normalean, musikari buruzko gauza orokorren inguruan hitz egiteko erabiltzen dut, nire esperientziari buruz hitz egitea apur bat nartzisista izango zelakoan. Bada, gaur bigarren hori egiteko gogoa sartu zait, zer arraio.

Askotan alderatu da oholtzan gertatzen dena askatasunarekin, magiarekin, droga batek eragindako emozioen indartze batekin. Termino horiek erabili gabe adierazten saiatuko naiz zer den zehazki bertan sentitzen duguna.

Oholtza gudu-zelai bat da. Guda horrek abestiak exekutatzean eta ikusleei esperientzia paregabea (parekorik gabeko eta on bezala ulertuta) eskaintzean datza; nahiz eta ez abestiak, ez eta ikusleak ez diren, azken finean, likidatu beharreko etsai (ez beti). Esango banu oholtzara igo eta nire kontzientzia backstage-an ehuneko ehunean uzten dudala, gezurra esango nuke; zatitxo bat eramaten dut gora, helburu bat dudalako, beti berbera eta beti, nolabait, ezberdina izan behar duena: esperientzia bakoitza ahaztezina izan dadin ziurtatzea.

Horrek ez du esan nahi dena beti kontrolpean mantendu nahi izaten dudanik. Gogoan dut lehen kontzertuetan kontzienteegi nintzela beti inguruaz eta egiten nuen guztiaz: besapea depilatu gabe banuen, ez ote nuen besoa gehiegi goratuko; gonarekin banindoan, ez ote nuen hanka monitorearen gainean jarriko eta lehen ilarakoei nire kuleroen panoramika eder bat eskaini; beheko horren aurpegiko keinuak zer esan nahi ote zuen?

Denboraren joanarekin, ordea, autoa gidatzen ikastean burmuinak giharrei konfiantzazko botoa eman eta erlaxatzen ikasten duen bezala, halaxe egin zuen nire burmuinak oholtzara igotzen hasi nintzen bakoitzean. Ohartu gabe, egun batez, burmuinak besterik gabe klik egin eta nire gorputzari akzioan sartzen utzi zion, lehenak bigarrenari denborarekin irakatsitakoa bakarrik hegan egiteko nahikoa zela onartu zuenean.

Hortik aurrera gertatzen den guztia ez naiz oraindik gai izan hitz egokiekin deskribatzeko. Beraz, esango nuke askatasunarekin, magiarekin edota drogarekin alderagarria dela. Joan kontzertuetara, behatu itzazue musikariak; ea hor barruan zer gertatzen den deskribatzeko gai zareten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.