Ana Arsuaga.
BI AHOTSETARA

Musikan adituak

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hemezortzi urte nituela, lehenengo aldiz mutil batekin geratu nintzenean, musika ez zitzaidala gustatzen esan nion. Mutil honek musika taldeak zeuzkan, eta oroitzen dut hori esan niola, ez nuelako «ezagutzen duzu ez-dakit-zein musikari?» «eta ez-dakit-zeinen azken diskoa?» bezalako hizketaldirik hasi nahi. Normalean, horrelakoetan, ez nituelako esaten zizkidaten musikariak ezagutzen, eta ezagutzen banituen, ez zitzaizkidalako horrelako galderak interesatzen, berdin zitzaidan zein zen Red Hot Chili Peppers-en lehenengo gitarrista, edo Mission of Burma-ren Youtuben zegoen zuzeneko itzel hori. Beraz, nire buruan, horrek esan nahi zuen niri ez zitzaidala musika gustatzen, eta noski, ez nekiela ezer musikari buruz.

Bilbon nengoen bizitzen garai horretan. Lagun gehienak Arte-Ederretakoak ziren, eta askok taldeak zeuzkaten. Taldeak zeuzkaten neskek ez zuten musikari buruz hitz egiten. «Talde hau asko gustatzen zait!» eta horrelakoak, besterik ez. Mutilek, ordea, denbora guztia pasatzen zuten musika haien artean bidaltzen, maketa bat eta besteari buruz hitz egiten, musikari baten lehenengo taldea eta bigarrena konparatzen... Beti esaldi oso kategorikoekin. «Hau da The Cure-ren disko onena», eta abar. Nik miresmenez, baina, egia esanda, askotan aspertuta entzuten nituen, eta «zenbat dakiten» pentsatzen nuen. Nik egun guztian entzuten nuen musika, baina bazirudien nik entzuten nituenak ez zirela interesgarriak, haien artxibo horretan ez baitzeuden; eta haiek zekiten zer zen garrantzitsua musika moderno eta garaikidearen historian, hori argi neukan.

Baina talde batean hasi nintzen, Serpiente-n, ondo pasatzeko, nire neska lagunekin. Musika propioa egiten genuela, urteak pasatu ziren, eta gure artean ez genuen musikari buruz gehiegi hitz egiten, baina bai musika asko jartzen eta abesten. Kotxean, kontzertu baterantz bidaiatzen ari ginela, Beak Black Sabbath edo Justin Timberlake jar zezakeen; Elenak Devo, The Stranglers, baina baita Mocedades ere... Oso ondo pasatzen genuen, eta hasi nintzen pentsatzen beste mota bateko adituak ere bazirela musika munduan, eta hor hasi nintzen musika, bat-batean, gertuago sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.