BI AHOTSETARA

Nyepi

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bi segundo diruditen arren, jada bi ordu inguru igaro ditut besaulkian liluraturik Olafur Arnalds entzuten. Azken abestia joko duela dio mikrofonotik, bere amona zendu zenean konposatutakoa. Beste musikariak joan egin dira, bakarrik gelditu da oholtzan. Musikaria eta pianoa aurrez aurre, eta magian ez duzula sinisten diozu? Minutuak pasatu ahala, apurka-apurka pianoa geroz eta otzanago entzuten da, konturatzerako denak isiltasunean murgildu gara. Arnalds pianoaren aurrean geldirik, beste guztiok arnasari eusten, kontzertuan sentitutako emozioak klasifikatu nahian. Eta isiltasunak minutu luze batez jarraitzen du, ozen deiadarka, entzun ezinezko burrunba zaratatsua. Momentu indartsua zinez.

Kontzertua bukatuta, irteerarantz abiatu naiz beste entzuleekin batera John Cageren kamera anekoikoaz hausnartzen dihardudan bitartean. Cagek frogatu zuen soinuaerabat isolatuta ere azkenean beti bukatzen dugula zerbait entzuten. Kamera anekoiko baten barruan lehendabizi zure belarriak isiltasunera ohitzen dira. Ondoren, zure bihotz taupadak entzuten hasiko zara eta zure arnasan kontzentratzen. Azkenik, zure sabeleko borborra ere entzuteraino iritsiz. Gero, altxatzen saiatuko zara, pauso batzuk eman nahian, baina oreka galduko duzu, soinuaren bidez orientatzen baikara. Beraz, soinurik gabe, ez duzu mugitzeko ahalmenik izango.

Atzenean, eseri egingo zara, baina ezingo duzu horrela 15 minutu baino gehiago egon. Entzumenezko estimulurik ez dagoenez —zure gorputzak sortzen dituenak soilik—, garuna nahastu egingo da eta soinu propioak sortzen hasiko da. 30 minutu geroago haluzinazioak eta eldarnioak pairatuko dituzu.

Horretan pentsatzen nenbilela ohartu naiz, hain ederra iruditu zaidan isiltasun hori jasangarria izan dela musikaren ondoren iritsi delako. Soinua erabat beharrezkoa dugu. Finean, nekien hori azpimarratu dut beste behin: ezin gara musikarik gabe bizi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.