BI AHOTSETARA

Kontrasteak

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Eguraldiak eguraldi, uda badator, eta, horrekin batera, baita sasoi beroenak berekin dakartzan musika jaialdiak ere. Neguan tabernetan jarritako edozein abesti hutsal akatsik gabe hasieratik bukaerara abestuz hunkitzen direnak, tanpez, musika aditu bihurtzen dira. Musikazaletasunez gainezka, hango edo hemengo jaialdiko taldeburuen diskorik onenak zein diren esaten diote entzun nahi duen orori. Musikazale gisa izugarri pozten nau interes horrek, noski. Festibalek badute magia berezi bat, eta pertsona mota ezberdinak musikaren aitzakian elkartzen ditu. Festibal garaia zure lagunekin belarretan etzateko unea da, oroitzapenak sortzeko unea, eta baita betiereko iraun dezaketen laguntasunak indartzekoa ere. Musikaren uhinen bidez sentsazio berriak eskuratuko dituzu, maitasuna egin, maitasuna sentitu, eta besteak maita ditzakezu akordez inguratuta. Zure abesti gustukoena 1.000 edota 10.000 arimekin batera oihukatu dezakezu euforia kolektiboan.

Baina negu hotza iritsiko da. Musikazaleen kopurua harrigarriro apalduko da, eta musikazale gisa izugarri tristatuko nau interes falta horrek, noski. Alta, gaztetxe eta aretoek musika eskaintza zabala eskainiko dute nahi duenarentzat. Areto txikiek badute magia berezi bat, eta pertsona mota ezberdinak musikaren aitzakian elkartzen dituzte. Eskaintzaren batera hurbiltzera animatuko bazina, zure lagunekin une ederrak igaroko dituzu, oroitzapenak sortu, eta baita betirako iraun dezaketen laguntasunak indartu ere. Musikaren uhinen bidez sentsazio berriak eskuratuko dituzu, maitasuna egin, maitasuna sentitu, eta besteak maita zenitzake, akordez inguratuta. Zure abestirik gustukoena 100, 50, hogei edota lau musikazale sutsurekin oihukatuko duzu, hutsaren hutsez kasik oihartzuna bueltatzen dizun areto mortuan. Bitartean, udan diskoak gomendatzen zebilen sasi aditua ondoko modako tabernan egongo da azken abestirik hutsalena hasieratik bukaerara hunkituta abesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.