gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

'Manhâ de carnaval'

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Haurrak mozorrotuta doaz eskolara. Aldarte onarekin so egiten diet kafetegi barneko leihate irekitik. Kantuan eta oihuka doaz asko. Trenpu oneko jartzen naute inaute jaiek, mozorrotuz barneko zomorroa ateratzea ariketa kafkiarra baino zerbait gehiago da. Trenpu oneko nagoen gehienetan kanturen bat izaten dut buruan jiraka; gaur sakelakoan ere jarri dut. Zer esango ote zuen Kafkak egungo garai hiperteknologizatuez, zer sakelakoaren jukutriez?

«Zer ari zara entzuten?», galdegin dit Rosak.

Izan zitekeen edozein sanba edo txirigota, gustukoak ditut bi generoak. Izan zitekeen Broken Brothers Brass Banden Odwa llah jazzykaletarra. Izan zitekeen bossa nova ere, Stan Getz eta Gilbertoren disko lorioseko edozein kantu. Brasilera gogoak, ia ezinbestean. Kantuan hasi natzaio. Marmar ahapeka lehenik, halaxe egiten baitu jatorrizkoak ere. Letren nola-halako ahoskatzearekin gero: «Manhã, tão bonita manhã. Na vida, uma nova canção. Cantando só teus olhos...». Izan zitekeen beste edozein bertsio ere —dozenaka daude—, baina Astrud Gilbertorena da gehien hunkitzen nauena.

«Ez da, baina, oso dantzagarria», errieta egin dit Rosak, beti bezain fin eta zorrotz.

Dantzarakoa baino gehiago da kulunkarakoa, ezbairik gabe, Luis Bonfak 1959an sorturiko doinua, zeina Marcel Camusen Orfeu Negro filmerako erabili zuten. Antonio Mariarenak dira hitzak; hitz poetiko ederrak inondik ere. «Ez da dantzarakoa, ez, baina sujeritzen du inaute gau luze amoros baten osteko goizaren ederra, ezta?», Rosak berriz ere artez.

Eta halatsu sentitu dut nik ere. Soseguzko inaute batzuk dira. Haurrak zalapartan doaz eskolara mozorroa soinean hartuta. Barne patxada batez begiratu ditugu Rosak eta biok, inauteriaren halako kontzeptu bareago eta pausatuago batek hartu gaituela jabetuta-edo. Musikak badu mozorrorik jantzi gabe ere entzulea mozorrotzeko kualitatea.

Ez dago aldarte hau pozoinduko duen koronabirusik; Samsa izanik ere zoriontsu gu: «Canta o meu coração/ Alegria voltou / Tão feliz a manhã / Deste amor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.