Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Kritika (II): herrena non

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Tradizio luzeko soka dute nola batak hala besteak; kultur kritika marxistak bezala kritika kulturalistak, eta historiaren oreka pendularrean zabuka ibili izan dira bi-biak, elkarri errietan zenbaitetan, eta nahi gabe ere osagarri izaten; ematen dituzte argi printza arnasgarriak, zer duda egin, baina nago herren egiten dutenean hanka beretik egiten dutela, edo hankazangoaren garaiera beretik. Bi-biak aritzen baitira altueretatik sarri, edo Hankak lurrin irratsaio axal-sakonekoan dioten bezala, bigarren solairutik ezpada, hirugarrenetik zein laugarrenetik. Eta bitartean, han behean, bizitza gertatzen da. Kultur kritikari sarritan, sarriegitan, eskapo egiten dion bizitza.

Lehenari estimatzen diot ikuspegi materialistaren bidez nondik-norentzat galdegaietan jartzea fokua, testuinguru historikoaren garrantzia, irabazle eta galtzaileen dialektika zedarritzea, obraren produkzio moldeen etekin zein galerak; obra jendetasun xume baten alde jartzeko apeta. Baina, batetik, kapitalarekin ezartzen duen dialektika zuzen horretan, beti galtzaile irteteko arriskua ikusten diot, hark (kapitalaren molde desberdinek) ezarritako joko zelaiko lokatzetan itzulipurdika gustura aritzekoa, handik sekula ezin aterata. Eta, bestetik, sarri darabilen lengoaia-kodea, jendetasun xume horrengandik urrunekoa, arrotza, kontzeptu abstraktuetan itoegia dela, auzoa bera gogoan izanik, hura urruntzen duena, akademizismo barroko baterantz lerratuz.

Bigarrenari eskertzen diot kultur kode autonomoen ikasketa eta erreferentzialtasuna, nork-nola nabarmentzea, ikuspegi manikeistetatik aldentzeko jaidura, onberatasun mozorrotuen identifikatzea, eta artea bera esparru aski emantzipatzaile eta askatzaile izan litekeela erakustea. Baina herrena ere leku komunetan: kanon akademikoak eta izen-deitura sonako, bakan eta prestigiodunak gailentzen baitira bizi taupaden gainetik, hizkera aski panpox zein meta-artistikoz, auzoarentzat bainoago artista eta haren munduarentzat idatziz, eta undergroundik undergroundena ere merkatuaren morrontzetara makurtuz, nahita ala nahi gabe...

Eta, hala ere, kritikaren lur-eremu emankor poliedriko bat marraztu beharko bagenu, bi-biak lirateke beharrezko...

Zein lirateke beste aldeak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.