Gorka Erostarbe Leunda.
BI AHOTSETARA

Balkoian, 'katuk morun'

2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bero sapa da kanpoan; urtero, lehen sargoriak agertzearekin batera, kantu bat gogoratu eta konpartitzeko ohitura dugu hiru kazetari alproja eta halare adiskidek. Burutik ezin kenduta nabil Juan Carlos Perezen Hau berua disko erraldoiko izenburu bereko kantua, eta katuk morun atera naiz balkoira, zer suma, zer topa, zer freska, ahantzirik herriko festen bezperaren bezperan gaudela, eta auzoan trikitipoteoa egiten dabiltzala Urteaga aita-semeak, ez egitarau ofizialaren parte gisa, ezta alternatiboarenean ere. Euren kabuz, auzoan musika plazaratzen baizik. Eta horrek J.C. Perez beraren Iluntzear dihoarenan kantuko estrofa hura ekarri dit gogora: «Ez zik esan polita ez dela Egañazpi kantatzen, Egañazpi kantatzen...». Izango ez da ba polita Basatxoritxo edo Amatxo laztana entzutea, izango ez da ba! Eta balkoitik trikitilariei begira nagoela gogoratu dut Egañazpik Zumarragan bertan jo zuela azkenekoz zuzenean plazan, 1992ko Santa Lutzi eguneko festan. Eta, honenbestez, zirkulu mentala itxi zaidala.

Bero sapa da kanpoan, eta balkoitik entzuten ditut trikiti doinuak. Jendea kantuan ari da, ez da udalak antolaturiko ekimena, ez da programazioa betetzeko euskal musika tradizionalaren kuota. Musika da, auzoan, eta balkoitik entzun liteke. Akaso, bero kolpea izango da, baina pentsatu dut, udako jaialdien zirkuitutik harago badela bizitzarik, badela musikarik. Eta gozagarri zein barne bizigarri litzatekeela balkoian katu morun jarri eta entzun ahal izatea Urteaga aita-semeak bezala, Nizuri Tazuneri (bideo zoragarria plazaratu berri dute Arriguriren ekoizpenarekin: Palace), Lumiren Itzal zikinak lan berri itzela, Ibil Bedi eta euren Ama hunkigarria, Ibon RG-ren Hil zara durduzagarria, Larra Bideak-en estreinako goxoa, Eyhartsen elektronika bisuala... eta beste hainbeste.

Ez zink esan polita ez dela balkoian katuk morun jarri eta musika hori guztia iristea belarri-bihotzetara, auzotik. Bero sapa da kanpoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.