BI AHOTSETARA

Ni ere 'manira' noa

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Berandu iritsi nintzen Gata Cattana ezagutzera. Beranduago Ana Sforza deskubritzera, eta are beranduago bi izen horien atzean zegoen Ana Garcia aurkitzera. Baina horrek berdin du; izan ere, rap kantari eta poeta kordobarraren letrak iragarleak baitira, askotan gustatuko litzaigukeena baino gehiago.

Orain dela hiru urte hil zen, baina nolabait bizirik jarraitzen du, bere heriotza gainditzen duten abesti eta poemak utzi baitzituen guztion gozamenerako. Gata Cattanak ez zuen musika garaiko joerei begira sortzen arrakasta izateko helburu hutsarekin, eta horretan datza bere magia. Betierekotasuna bilatzen zuen hitz eta erritmo bakoitzean,eta horregatik du, oraindik ere, horrenbesteko zentzua haren lanak.

Horren adibide garbia naiz ni, esan bezala, berandu iritsi bainintzen haren lanetan murgiltzera, baina oso nire sentitzen dut artista andaluziarrak aldarrikatzeko zuen guztia. Haren mezua sinplea zen: mundu hobeago bat nahi zuen. Harentzat lehia bakarra, anbizio bakarra, arrakasta bakarra, askatasunean, berdintasunean eta justizian oinarritutako mundu bat eraikitzea zen. Horregatik, bizirik balego ez zatekeen arraroa izango Altsasukoak aske kamisetarekin ikustea oholtza gainean.

2017ko martxoak 2an bihotzak huts egin zion, ordea. Urte hartako martxoaren 8ko manifestazioan ez zen egon, baina, aldi berean, ez du bakar bat ere galdu. Gaur nire gogoan doa voy pa' la mani abestia ahapetik kantatuz Hartz taldearen euskarazko bertsioan: «Ez dugu memoria arazorik izango seme-alabok, / eta historia errepikatzen da: beti erotzen dira onak eta fobia hedatu. / Ama, ni ez naizela gaiztoa, hemen gaiztoak eurak dira, / zuk badakizu ez naizela isiltzen, aurpegira begiratzen didate eta gainera botatzen zaizkit, / ama, ni manira noa, beharbada ez naiz itzuliko, / orain terrorista bainaiz eserita lurrean oihuka banago. / Ama, nire aitona-amonen gerrak ez ditu inork oroitzen, / eta altxatzen den langilea hiltegira eramaten dute. / Ama, ni manira noa, beharbada ez naiz itzuliko...»

Gata Cattanak gatazka sozialei abesten zien, itsusiari. Baina batez ere emakumeon ezinegonari ahotsa jarri zien, eta gaur ere manian egongo da lehen lerroan. Zu, ba al zatoz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.