BI AHOTSETARA

Egoerak

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Jotzera joaten:

Zoritxarrez ohikoa denez, musika talde gehienetan gertatzen den bezala, emakumezko bakarra naiz. Eta ez, ez naiz abeslaria, usu hala gertatzen den bezala, eta kontzertua hasten dugun arte denek pentsatzen duten bezala. Bateria jotzen dut. Nire ustez, gainera, nahiko modu txukunean, baina tira, hori nire iritzia da. Badira bestelako iritzia duten pertsonak ere, eta zuk entzun nahi ez badituzu ere, iritzi horiek hitzetan jarri arte onik ez dute izaten. Banindoan ni furgonetatik antzokira sartzeko instrumentuen bila, eta halako batean: «Hey! A ze groupiea zarena, mutilei instrumentuak eramaten ere laguntzen diezu eta!».

Kontzertuetan:

Meshuggah taldea nire lagunartean ez da ezaguna. Baina, azkenean, nire kuadrillako mutil bat, ez izanagatik oso musikazalea, parranda usaina duen edozein planetatara apuntatzen dena, nirekin etortzeko konbentzitu dut. Kontzertua hasi eta minutu gutxira argi geratu da suediarren muturreko soinu gogorrak ez direla haren gustukoak, eta, tanpez, galdera hau bota dit: «Bueno, eta zein taldekiderekin egin nahi duzu txortan kaka zahar hau ikustera etorri behar izateko?».

Tabernan:

Larunbat gau batez, tabernan nago lagunarte ederrean trago batzuk hartzen. Inongo arrazoi berezirik gabe, taldea gustuko izatetik harago, Converge taldearen Jane Doe diskoaren azala duen kamiseta daramat. Horren harira, gau hartan frogatu ahal izan nuen mutil askori garuna kolapsatzen zaiela musika gogor samarra gogoko duen neska bat ezagutzean, edo, besterik gabe, beraiek baino musikazaleagoak diren emakumezkoak topatzean. Bestela irakurri hurbildu zitzaidan mutil batekin izandako elkarrizketa:

—Hara, kamisetako taldea ezagutzen duzu?

—Bai, noski, bestela ez nuke kamiseta jantziko.

—A bai, e? Eta zenbat disko dituzu ba? Zaila da gero horrelako taldeak gustuko dituen neska bat ezagutzea.

—A! Eskerrik asko babo arraioa!

Bakarra al naiz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.