gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

'Mashup' baten lehen notak

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ez dakit asmorik izan zuten edo amets den. Hala gertatu ez bazen ere, gerta zitekeen, baiki. Akaso ez zen errealitatea izango, baina egiantza du. Mikel Laboaren heriotzaren dozenagarren urtea bete berri da. Jardun dut haren kantuak entzuten, hil aurreko Xoriek 17, batez ere, eta belarri-gogoak Lisaborekin batera ondutako Orduan piezan iltzatu zaizkit. Igartzen da bizitzaren azken hatsetan dela: ahotsaren hauskortasuna. Eta perfekzionismotik urrun, balio erantsia ematen dio kantuari. Bederatzi minutu pasatxoko pieza. Lisaboren soinu geruza atzetik, Laboaren kantu errezitatzea, Atxagaren hitz ederrak... bost minutu eta pikotik aurrera Aida Torres orduko Lisabokidearen ahotsa sartzen da... eta eztanda. Durduzagarria.

Ez dakit asmorik zuten, baina izan zitekeen, Laboaren eta Lisaboren arteko elkarlan luzeago bat, disko batean bildua. Dena, ordea, ez da zertan erregistratua izan, ez dago zertan materialki grabatua egon. Irudimenak (edo Xabier Azkue Ibarbia txiolagunak egokiro proposatu bezala, soinumenak) egiten ditu bere lanak halakoetan, eta egungo makineria teknologikoarekin, probak ere edonork egin ditzake. Mashup-ak aldiro datozkit burura, mashup-en garaiotan. Neuk hautatu dut, esaterako, Laboaren Lili bat eta txertatu diot, bigarren minutu aldera, Lisaboren Bi minutu kantua... eta tira, egongo da hobeto nahastuko dituenik, baina emaitza gutxienez iradokitzailea zait. Eta zer esan taldearen Ur gainean eta kantugilearen Haika mutil nahasteaz, bata bestearen gainean zein tartekatuz, lagun musikari gazte batek iradoki didan bezala. Edota, Sekulabelardiko maisuaren Dialektikaren laudorioa eta irundarren Gau minean aldikatuz, kazetari adiskide are gazteago batek proposatu bezala.

Ez dakit asmorik zuten, baina izan zitekeen. Ez den disko bat da. Omega gurea (Lagartija Nickek eta Enrique Morentek 1996an ondutakoa, gogoan). Hor bada arakatzeko soinu unibertso bat: Laboa eta Lisabo, Lisabo eta Laboa, dj batek, edo soinu lardaskatzaile batek proba egin nahi balu, izan ez den disko baten hazimuin bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.