Kalean da Josu Urrutikoetxea

Atzo goizean atera zen Parisko La Sante presondegitik, herenegun epaileak baldintzekin aske uztea onartuta. Irailaren bukaeran itzuli beharko du auzitegietara, bere kontrako prozedurak direla eta

Josu Urrutikoetxea zeraman autoa, atzo, Parisen. FERNANDO PEREZ / EFE.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paris
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun

Auto beltz bat, Parisko La Sante presondegitik ateratzen, herritar talde batek kazetariengandik babesten zuela. Irudi hori eman zuen, atzo goizean, Josu Urrutikoetxea ETAko kide historikoaren askatzeak. Segundo gutxi batzuk iraun zuen: presondegiko ate handia ireki, eta autoa karrikan urruntzeko denbora. 10:30 alderako iritsi zen Laure Heinich abokatua kartzelara, eta ordu laurden berantago atera zen, euskal presoa ondoan zeramala. Aterki beltz batzuekin gorde zuten autoa, argazkilari eta kameren bistatik gordetzeko. Bazterrak nahasi gabe, diskrezioz antolatu nahi izan zuten Urrutikoetxearen ateratzea, eta hala izan zen. Orain, libre aurkeztuko da Frantziako auzitegietan izanen dituen ondoko hitzorduetara.

Parisko Dei Auzitegiko instrukzio ganberako epaileak bezperan eman zuen Urrutikoetxea presondegitik ateratzen uzteko erabakia. Defentsa abokatuen eta fiskalburuaren eskaerari erantzunez, Urrutikoetxea presondegitik ateratzea onartu zuen, uztailaren 1eko auzi saioan hartutako erabakia berretsiz. ETAren ordezkari ohiak eskumuturreko telematikoa eraman beharko du, eta herritar batek Paris erdigunean utzi dion etxebizitza izanen du obligaziozko bizilekua. Ordutegi jakin batzuk izanen ditu etxetik ateratzeko, eta debekatua izanen du Frantziako Estatuaren menpeko lurretatik ateratzea.

Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan. Dei Auzitegiak berak iazko ekainaren 19an kontrol judizialpean Urrutikoetxea libre uzteko erabakia hartu zuen, baina, Madrilek eskatutako euroaginduak tarteko, Frantziako Poliziak orduan bertan atxilo hartu zuen berriro, artean La Sante espetxean zela. Ekainaren 19ko saioaz geroztik, Dei Auzitegiak eta Kasazio Auzitegiak lau aldiz ukatu dute askapen eskaria. Urtebete pasa eman du auzitegira joan-etorrika, atzo goizean baldintzapean aske utzi zuten arte. Bi hilabeteko pausaren ondotik, irailaren 30ean itzuli beharko da Parisko Dei Auzitegira.

Hurrengo auzibideak

Amaraun judiziala da Josu Urrutikoetxearena. Bi prozedura ditu Frantzian, eta lau eskaera egin ditu Espainiak, ETAko kide historikoa haien esku utz dezaten.

Frantziako prozedurei dagokienez, heldu den urriaren 19an eta 20an Parisko Dei Auzitegira deitua da, 2005-2006ko prozesuan ETAren zuzendaritzako kidea izatearen akusaziopean epaitua izateko. Urriaren 21ean eta 22an, haatik, Parisko Auzitegi korrekzionalera joan beharko du. Han, 2011-2013an Osloko elkarrizketa mahaian ETAren ordezkaritzako kidea izatearen akusaziopean epaituko dute. Frantziako bi prozeduretan, epaiketa bitartean libre geldituko zela erabaki zuten epaileek.

Espainiako prozedurena konplikatuagoa da. Bi estradizio eskaera egin ditu Espainiak, eta beste bi euroagindu eskaera. Estradizio eskaera bat Zaragozako (Espainia) kuarteleko 1987ko atentatuagatik da. Dei Auzitegia eskaeraren alde azaldu zen, eta defentsak kasazio helegitea aurkeztu zuen. Oraingoz ez da datarik zehaztua ebazpenarentzat. Bigarren estradizio eskaera Luis Hergetaren hilketari (1980) dagokio. Irailaren 30ean aztertuko dute Parisko Dei Auzitegian. Defentsa abokatuek behin eta berriz aldarrikatu dute preskripzio epea iragana dela, eta beraz, ezin dutela kasu horregatik Urrutikoetxea Espainiaren esku utzi. Iazko azaroan, Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuak auzitegiari azaldu zion hilketa hura ETApm-k bere gain hartu zuela, eta Urrutikoetxea ez dela sekula erakunde horretako kide izan: «Frantziarrek ETAren historiaz duten ezjakintasuna baliatzen dute espainiarrek halako aurkezpena egiteko». Horregatik, Pasquet-Marinaccek gehitu zuen ez dagoela «elementu bakar bat ere» Urrutikoetxea atentatu horrekin lotzeko.

Euroaginduei dagokienez, joan den uztailaren 1ean Dei Auzitegiak atzera bota zuen Barajasko T4ko atentatuagatik (2006) Madrilek egindako eskaera, zehaztasun faltagatik. Gizateriaren aurkako krimena egotzi nahi zioten Urrutikoetxeari Espainian. Lehen aldia izan zen Parisko auzitegi batek euroagindu bat baztertu zuena. Heldu den irailaren 30ean, herriko tabernen auziari begira Espainiak egindako euroagindu eskaeraren erantzuna emanen dute.

Herenegun, espainiar autoritateen kontra egin zuen Pasquet-Marinaccek auzitegian, beste behin, eta nabarmendu haien «errua» dela Urrutikoetxearen aurkako prozedurek hartu duten «beranta». «Eskaera herrenak dira, ez dira oinarrituak», adierazi zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.