martxelo otamendi
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Praktikoa ez izatearen ondorio

2019ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Aurreikusi bezala, Espainiako eskuinak ez du lortu gehiengoa hauteskundeetan, eta ezin izango du egoera politikoa baldintzatu.

EUSKAL HERRIA. Udal eta foru hauteskundeak hilabete barru direlako, eta atzoko eserleku banaketak hauteskunde horiek baldintza litzakeelako, Nafarroa izan zen atzoko interesgune nagusietako. Eskuinak ez bezala, nor bere aldetik, batu gabe, aurkeztu ziren EH Bildu eta Geroa Bai. Ehunka boto gutxigatik geratu da eserlekua eskuratu gabe EH Bilduko hautagaia. Ez zatekeen hori gertatuko Nafarroako Gobernuari eusten dioten bi indar nagusiak elkarrekin aurkeztu balira. Balio bikoitza edukiko zukeen eserleku horrek maiatzeko foru hauteskundeei begira.

Hego Euskal Herriko beste hiru herrialdeetan, Espainia ofizialetik kanpoko botoen kontaketaren zain, Elkarrekin Podemosen jaitsieraren ondorioz, EAJk ohiko nagusitasuna berreskuratu du, eta EH Bilduk eserleku bana irabazi du Gipuzkoan eta Araban. Errealitatetik gertuago dago Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzen mapa. Araban bereziki eman dute urratsa indar abertzaleek: EAJk irabazi ditu hauteskundeak aurreneko aldiz, eta bere historian bigarrengoz lortu du ezker abertzaleak —EH Bildu orain— eserlekua.

ESPAINIA. Argia izan da Pedro Sanchez hautagai sozialistaren garaipena, are garrantzitsuagoa ia berak bakarrik Colon plazako hirukoak baino eserleku gehiago bildu dituelako. Bete dira aurreikuspenak, ondorio argi batekin: PP bakarrik aurkezten zen garaian bezala soilik joanda, denak batera, irabaz lezake eskuinak. Ondo jokatu du Sanchezek beldurraren botoa —eskuina eta eskuin muturra datoz, demokrazia arriskuan dago—, eta asmatu du boto praktikoa bere inguruan biltzen, Unidas Podemosen kaltetan.

Pablo Iglesiasen alderdiak pairatu egin du hautagai sozialistaren estrategia, baina baita ere azken urte parean alderdiak erakutsi duen egoera istilutsua. Albiste ezkorren sortzailea izan da oso maiz.

Espainiako Kongresuan gehiengo iraunkorra osatzeko bi aukera nabarmendu dira beste konbinazio guztien gainetik, bietan PSOE bazkide nagusi eta erabakitzailea izanik. Alde batetik, Ciudadanosekin batera osa lezakeen gehiengoa (180), eta bestaldetik, Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa babestu zutenen batura luzea bezain ez egonkorrarekin.

Hauteskunde kanpainan esandakoak gorabehera, boteretsuen presio handiak edukiko dituzte PSOEk hala nola Ciudadanosek akordioa osatzeko. Maiatzeko udal hauteskundeak igaro arte ez da ezer erabakiko Espainian, baina baroi sozialistak, botere ekonomikoak —bankuak eta enpresa handiak buru— eta Europako erakundeak ez dira geldirik egongo bigarren aukera zapuzteko; PSOE-Ciudadanos akordioak inolako eraginik gabe utziko bailituzke Kataluniako independentziazaleak Madrilgo erakundeetan. Sanchezek berak nahiago luke seguru asko akordioa Podemosekin, ERCekin eta EAJrekin osatzea, baina legegintzaldi osorako egonkortasuna exijituko die bazkide horiei, ERCri bereziki. Podemosen eta EAJren baiezko erantzuna segurua daukalakoan, abisua argia da katalanentzat: gobernu berria ezin izango da etengabeko krisian bizi, aurrekontuak ezin onartuz, eta egun erdia desenkontru zaratatsuak kudeatzera dedikatuta. Zaila dauka aukera Junquerasen alderdiak, baina atzoko emaitzek behartu egiten dute akordioa lortzera.

KATALUNIA. Junquerasen garaipen historikoa izan da, 9 eserlekutik 15era igota, aurrenekoa Bigarren Errepublikan lortu zuen hartatik. ERCk hiru lehiakide sendo zeuzkan —PSC, En Comu Podem eta JxC— eta hiru dauzkazunean, alde banatan, oso zaila da mezu bakar batekin hiruei aurre egitea. JxC bezain independentziazale agertu behar duzu zure burua, PSCtik etor dakizukeen botoa uxatu gabe, eta, batera, En Comu Podemekoen jaitsiera baliatu behar duzu oinarria sendotzeko.

ERCren atzoko emaitzek oso egoera onean utzi dute alderdiak Bartzelonako udal hauteskundeak irabazteko daukan hautagaia: Ernest Maragall. Prozesu independentziazalea bultzatu dutenek beti bota dute faltan Kataluniako hiriburuko alkatea independentziazalea izatea, horrek proiektuari emango liokeen oihartzunagatik. Inoiz baino gertuago daude, atzo Bartzelonan ere irabazi zuelako ERCk, eta, Pasqual Maragall gogoan, PSCk baino hautagai hobea daukalako.

Puigdemont da atzoko lehian galtzaile, nahiz eserleku bakarra galdu, eta horrek dudan jar lezake orain arte Bruselatik gidatutako estrategia. Maiatzeko udal hauteskundeak dira Puigdemonti geratzen zaion azken aukera PDeCATen agintzen segitzeko. Emaitza txarrak lortuz gero, gidaritza utzi beharko du, edo bestela alderdi berria sortuko dute PDeCATen barruan Puigdemonten estrategiarekin bat ez datozenek, beti ere Artur Masek onartzen badu alderdi berria lideratzea.

Oharra: Testu honen lehen bertsioan argitaratu dugu atzo lortu zuela ezker abertzaleak lehen aldiz eserlekua Arabatik. Ez da horrela, Iker Urbinak lortu zuen 2011n Amiurrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.