Adostasunean ados ez

Sanchezen inbestidurari bide ematearen truke, hamabi puntuko akordio bat sinatu zuten EAJk eta PSOEk. Bi aldeek, ordea, ez dute bat egiten haren betetze mailaren inguruan hitz egitean.

Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Inbestidura saioan nahikoa babes lortzeko zenbait akordio itxi zituen Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek. Horietako batek Sanchez beraren eta EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren sinadurak ditu. Bertan jasotzen direnen artean, eskumenen transferentziak leku garrantzitsu bat hartzen du, baina badira beste 11 puntu ere testu hartan.

Hilabete hasieran, Espainiako egoerari buruzko eztabaidan, presidenteak azaldu zuen horietatik —hamalau konpromiso zenbatu zituen— bost jada bete dituela Moncloak. Jeltzaleen eledun Aitor Esteban, ordea, ez da iritzi berekoa, eta hala adierazi zion presidenteari bere erantzunean.

KOMUNIKAZIOA

Akordioak gobernuaren eta EAJren arteko komunikazioari egiten dio erreferentzia, esanez «arina eta etengabea» izan behar duela. Zehatzago, Moncloak sustatu nahi dituen proiektuak «behar besteko aurrerapenez EAJri ezagutaraztea» jasotzen du, eta, desadostasunak egonez gero, «akordio egokiak» lortzeko konpromisoa adierazten. Sanchezen arabera, elkarrizketa hori existitzen da, eta gobernuak «zenbait» neurriren berri eman die jeltzaleei.

«Enegarren aldiz hautsi duzu gure inbestidura akordioko lehen puntua», erantzun zion, ordea, Estebanek. Kritikatu zuen ez zutela bezperan iragarritako neurri proposamenen berririk izan.

Madrilen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketa «arina» ere jasotzen du testuak. Helburua bien arteko «desadostasunak judizializatu daitezen eragoztea» da, akordio politikoaren alde eginda. Iragarritako neurrien kasuan, baina, puntu hori ere bete gabe geratu dela salatu zuten jeltzaleek. Estebanek azaldu zuen gobernuaren iragarpenek autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituztela. Horren aurrean, Sanchezek erantzun zion egoki ikusiz gero epaitegiak hor zituela. Hau da, bide judiziala erabil dezaketela.

ESKUMENAK

Gernikako Estatutuak jasotako eskumenen transferentzia gauzatzeaz gain, trafiko eskumena Nafarroako Gobernuaren esku uztea ere adostu zuten, eta sei hilabeteko epea ezarri horretarako. Urte eta erdi geroago, ordea, Madrilen esku dago oraindik ere. Espainiako Lurralde Politikako ministro Isabel Rodriguezen esanetan, «afera konplexua» da. Eskualdaketa 2018an adostu zuten Moncloak eta Nafarroako Gobernuak, Uxue Barkos presidente zela.

NAZIO AUZIA

«Tokian tokiko identitateak aitortzeko behar diren erreformak bultzatzea»: hori ere adostu zuten bi aldeek. Kataluniako auziari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Estatutu berriaren negoziazioari «irtenbide egokia» aurkitzeko helburua finkatzen du, bateko eta besteko «sentimendu nazionalak kontuan hartuta». Estebanen hitzetan, baina, Sanchezek uko egin dio legealdiko «erronka handienari» erantzuteari. «Ez duzu batere arriskatu», bota zion Kongresuan. Kontrara, kritikatu zuen «kogobernantzaren» eta digitalizazioaren aitzakiapean bereak ez diren eskumenak hartu dituela Madrilek.

Estatutu berriaren ingurukoek eztabaida eragin dute Jaurlaritzako bi alderdien artean ere. Udaberrian, Iñigo Urkullu lehendakariak Madrili eskatu zion «estatuaren eredu berri bat» planteatzeko. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak eman zion sozialisten asmoen berri. Erantzun zion bien arteko gobernu akordioan ez zela halakorik jaso.

Kataluniako gatazkari dagokionez, benetako akordio bat lortzetik urrun daude Moncloa eta Generalitatea; aste honetan bildu dira aspaldiko partez bi aldeak mahai baten bueltan.

NAZIOARTERA BEGIRA

Euskal instituzioek Europako Batasuneko erakundeetan duten presentzia bultzatzearen alde egiteko apustuari buruz, Sanchezek berak onartu zuen bidea dagoela aurretik, baina Urkullurekin hizketan aritu dela urrats gehiago adosteko. Horren adibidetzat jo zuen atzo Leioan (Bizkaia) egindako CARUE Europako Batasunaren inguruko gaietarako Konferentziaren bilera. Hura Moncloaren eta erkidegoetako gobernuen arteko bilera izan zen, eta haren xedea zen Espainiako gobernuburuaren EBko presidentetza prestatzen hastea; 2023ko bigarren erdian hartuko du.

Bilera hartan, ordea, urrats gehiago eskatu zizkion Garamendik Madrili. Sailburuak eskatu zuen presidentetza erabiltzeko erkidegoen parte hartzeari «bultzada» emateko. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak parte hartu nahi du ECOFIN Europako Batasuneko Ekonomia eta Finantza Ministroen Kontseiluan eta Justizia eta Barne aferen Kontseiluan.

KIROLA ETA KULTURA

Kirol eta kultur arloetan, berriz, «Euskadik nazioarteko ordezkaritza izan dezan bultzatzeko» bideak irekitzea adostu zuten gobernuak eta EAJk. Jeltzaleen ustez, baina, aurrera egin beharrean, atzera egin da afera horretan. Esaterako, Euskadiko Futbol Federazioak birritan egin du selekzioa ofizial egiteko eskaera, baina ez du Madrilen babesik izan, eta UEFAk eta FIFAk atzera bota dute eskaera. Gainera, EAJren ustez, Kultura eta Kirol Ministerioa bultzatzen ari den Kirolaren Lege proiektua aldarrikapen horren aurka doa.

AHT-A

Akordioaren bosgarren puntuak Espainiako Estatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen azpiegiturei egiten die erreferentzia. Haiei «presaz, irmoki eta erabakitasunez» heltzea adostu zuten. Bada nabarmentzen den azpiegitura bat: abiadura handiko trena.

Akordioa sinatu zutenetik, zenbait urrats egin dituzte bi aldeek, baina, sarri, beste negoziazio batzuek behartu dute Moncloa pauso gehiago ematera. Azkena, 2022ko aurrekontuen inguruko negoziazioetan. Gasteizko eta Bilboko tren sarbideen eraikuntza Jaurlaritzaren esku uztea adostu zuten Moncloak eta EAJk. Gerora, Espainiako Gobernuak Iruña Oka (Araba) eta Gasteiz arteko lanak adjudikatu zituen, ekainean; zehazki, Burgos-Gasteiz linea Arabako hiriburuko sarbidearekin lotuko duen plataforma egiteko lanak. Uda honen hasieran, berriz, euskal Y-aren eta Iruñearen arteko lotura izan du hizpide Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.