Sabino Aranak 150 urte. Ekarpena

Sabinoren abizenak

Pentsaera askotako irakasle, historialari, idazle eta filosofoek aztertu dute Aranaren lana; orban gabea iruditzen zaie batzuei, testuinguruan kokatu beharraz ari dira besteak, eta bada gogor kritikatu duenik.

BERRIA.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Guztiek dute ezinbesteko erreferentetzat. Haren ekarpenik gabe, egungo euskal gizartearen pentsamendua eta sentimendu politikoak ez liratekeela berberak diote. Euskal Herria oso bestelakoa litzatekeela egun. Baina hortik aurrera, bakoitzak bere abizena jarri dio Sabino Arana Goiriri; haren ekarpenari, eta ondorengoek eman dioten jarraipenari.

1. Zein ekarpen egin dio Sabino Aranak gaurko abertzaletasunari?

2. Zertan egin du aurrera geroztik?

UNAI APAOLAZA Filosofoa

«Erlatibizazio garaian dago abertzaletasuna; garrantzia galtzen»

1

Lehenengo ekarpena begi bistakoa da: abertzaletasuna bera sortu zuen, eta, beraz, abertzaletasunak asko zor dio Sabino Aranari. XIX. mendean Karlistadak izan ziren. Karlistadak Lege Zaharra babesteko estrategia ziren. Horrek porrot egitean eta Europan beste nazionalismo batzuk sortu zirela ikusita, Sabinok ere bide hori hartu zuen Lege Zaharrak babesteko. Berez, karlismoa eta Aranaren nazionalismoa helburu bera duten bi bide diferente dira.

Bestetik, Sabino Aranari askotan begiratzen zaio egungo begiekin, batez ere arrazaren kontuan. Baina duela 110 urte horiek ziren eskemak. Gainera, arrazismo hori zentzu kultural bati begirakoa zen. Beraz, ez dut uste halakoak aintzat hartzekoak direnik.

2

Abertzaletasuna asko aurreratu da ordutik. Kontuan izan behar da estatu bat lortzeko estrategia bat dela; ez dela helburu bat. Batzuetan, independentismoa indartzeko estrategia eraginkorragoa izan da, eta besteetan, ez horrenbeste. Bizirik dagoen, kontraesanak dituen eta bere garaiko testuinguruari erantzuten dion estrategia da, aldatuz joan dena.

Hiru bloke bereiziko nituzke: Abertzaletasunaren sorrera izugarrizko urratsa izan zen estatu baten beharra aldarrikatu zelako eta hori oso berritzailea zelako. Gero, 60ko hamarkadan, izugarrizko bilakaera egin zuen, batez ere marxismoarekin lotuta. Eta, nire ustez, orain gaude hirugarren etapa batean: erlatibizatzen ari da abertzaletasuna. Indarra galtzen hasi da. Horrek ez du esan nahi independentismoak indarra galduko duenik, kontrakoa baizik. Abertzaletasunak indarra galdu behar du independentismoak indarra irabaz dezan.

JESUS EGIGUREN Historialaria eta PSE-EEko kidea

«Abertzaletasunak Sabino Aranaren eragin handiegia du oraindik»

1

Sabino Aranak etapa berri bat ireki zuen Euskadin, eta bere eragina ez da mugatzen abertzaletasunera. Gizarte guztiari eragiten dio. Sabino Aranaren arazoa da gazte hil zela, eta bere doktrina ez zuela gehiegi sakondu, eta gero, alderdi nazionalistak ez du behin ere birplanteatu Sabinoren pentsamendua. Ez ditu printzipioak aldatu, eta printzipio horiek garai bateko ideologia kontserbadore batekoak dira. Nazionalismo klase asko daude, eta gaur egun, hobe litzateke nazionalismo berri bat Sabinoren ideologia kontserbadorean oinarritutakoaren ordez; beste toki askotan bezala nazionalismo demokratikoa izatea, eta ez arraza, etnia eta kontu horietan oinarritutakoa.

2

Uste dut hemengo kasua oso arraroa dela gure inguruan. Nazionalismoa ez da gizarte osora zabaldu, alde batetik oso abertzaletasun ideologikoa zelako eta batik bat sozialismoaren kontra, industrializazioaren kontra eta sindikatuen kontra aritu zelako. Garai hartako mentalitate kontserbadorearen barruan zegoen. Integrista zen Sabino Arana, eta logikoagoa izango zen denborarekin beste nazionalismo batzuk sortzea. Itxuraz agertu dira: ezker abertzalea beti hor egon da burua altxatu nahian, baina uste dut oraindik Sabino Aranaren eragin handiegia daukala abertzaletasunak; ez duela eboluzionatu.

IBAN ZALDUA Idazlea

«Sentimenduak bildu eta nazio kontzientzia bat sortzeko gai izan zen»

1

Ekarpena funtsezkoa eta oinarrizkoa izan zela esango nuke, hainbeste ezen, egin izan ez balu, agian ez baikinateke ezta euskal abertzaletasunaz hitz egiten arituko, egun, eta, edonola ere, abertzaletasun hori, garatu izan balitz ere, ezberdina litzateke, gutxienez. Aurreko sentimendu eta joera protonazionalistak bildu eta nazio kontzientzia bat sortzeko gai izan zen: gaur egungo euskal biztanleriaren zati handi bat Euskal Herria nazioa dela sinistuta badago, Sabino Aranaren eta bere kideen ekimenaren ondorioz da.

Euskal abertzaletasunaren zentzu antinperialistak ere, neurri batean behintzat, Sabino Aranarengan du bere jatorria. Eta, ondare ez horren positiboen artean, gure arrazismo jatorrarena aipatuko nuke, zeinak, zorionez apalduta badago ere, noizean behin burua altxatzen baitu, agian lehen baino lotsakorkiago. Euskararen alorrean egin zituen ekarpenak, garbizalekeria guztiarekin, ez ziren agian izan une haietan euskarak bere garapenerako behar zituen egokienak.

2

Ez dakit abertzaletasunaz ari garenean «aurrera egin» esapideak zentzu asko duen, nazionalismoek iraganeko erkidego mitiko zein errealak berreraikitzeko joera duten neurrian eta, ondorioz, askotan atzera begiratzen dutelarik gehiago, aurrera baino. Hala ere, esango nuke positiboa dela apeta arrazistak (neurri handi batean behintzat) alde batera utzi izana, eta baita garai batean zuen kutsu klerikala albotxo batera baztertu izana ere.

1950eko hamarralditik aurrerako euskal abertzaletasunaren birformulazioan euskarak leku zentralagoa hartu zuen; hala ere, azkenaldi honetako abertzale eta independentisten eztabaidetan ematen du bigarren plano batera itzultzen ari dela berriz euskara.

Abertzaletasuna biolentzia iraultzailearekin lotu izana, ordea, agian atzerapausotzat hartu beharko genuke, perspektiba historikoak ematen duen talaiatik behintzat; zorionez, ematen du alor horretan ere gauzak onera aldatzen ari direla atzera...

JAKES ABEBERRI Enbata mugimenduko kide historikoa

«Euskal populua nolabaiteko koma egoeran dago geroztik»

1

Abertzaletasunaren pertsonaia nagusia da, zeren euskal identitatearen aldarrikapena oinarrizkoa baita. Ezberdintasun handia da identitateari loturiko erregionalismo batetik aterata, Sabino Aranak euskal populuaren nolabaiteko burujabetza bilakatu zuela identitate hori. Euskara eta euskal populua ezagunak dira, ados, eta ezagutu behar dira, baina euskal populu horrek burujabetzarako eskubidea du, estatu bat izateko, zehazki munduko bertze estatu guziak bezala.

Guztiz aldatu zuen Nafarroako Erresuma existitzen denetik zegoen euskalduntasunaren ikuspegia. Bat-batean euskaldunak nazio bat direla erraten duen gizona da, euskaldunek nazioartearen onarpena duen estatu bat merezi dutela dioena.

2

Sabinoren kontzientzia hartze politiko horrezkeroztik, puntu berean gaude oraindik. Badira 120 urte euskal estatu baten ezaugarri guziak eman zituela. Sinbolo klasikoak ere eman zizkion: bandera bat, ereserkia, izen bat.

Euskal populua nolabaiteko koma egoeran dago geroztik. Baditu aldekoak, aurkakoak; beaumondarrak, agramondarrak; Nafarroako Erresumaren aldekoak, autonomiaren aldekoak. Baina, egia erran, egin behar zela erran zuena —euskal populua munduko estatu burujabe bihurtzea— bilatzen ari gara oraino. Arazoa aurkeztu zuen, eta ez dugu oraindik konpondu.

JOSE FELIX AZURMENDI Kazetaria

«Bai jarraitzaileek bai etsaiek baztertu egin dituzte Arana anaiak»

1

Arana Goiri anaiek betiko abertzaletasunari egindako ekarpena beti da giltzarri bat, giltzarria bera ez bada. Bai jarraitzaileek bai etsaiek baztertu eta gaizki tratatu dituzte. Min egin diete bai gehiegizko laudorioek bai irrigarri uzteko kritikek. Arana anaiak dira euskal abertzale guztientzat lehenen erreferentzia argia, ez soilik jeltzaleena, ikurrina eta beste sinbologia bezala. EAJk batzuetan ez du jakin, edo ez du nahi izan, behar bezala aldarrikatu eta sozializatzen bere sortzailea, euskal kausa nazionalaren sortzaile ere badena. Eta ezker abertzaleak bazterrean utzi du ia beti, harekin zerikusirik ez balu bezala.

2

Arana anaiak dira sortzaileak, Europan eta nazioartean testuinguru jakin bat zegoenean eta garai hartako ideiekin. Haren proposamenek oso modu duinean jasaten dute denboraren joan-etorria. Abertzaletasuna osatuz eta zehaztuz joan da Euskal Herria osoaren aldarrikapena; batzuek besteak baino gehiago, batzuetan besteetan baino gehiago.

Abertzaletasun politikoak gai izan behar luke aranatarren euskal nazioaren proposamenaren funtsa garatzeko, eta posible egin behar luke bi korronte handien elkarbizitza; EAJk hezurmamitu duena eta ETArekin sortu zena. ETAren gurasoek Arana anaiak ezagutu zituzten, eta ondorengo jarraitzaileek baino errespetu handiagoz tratatu zituzten. EAJn maisua berpizteko interesa ikusten da orain; ezker abertzaleak baztertu behar ez lukeen interesa.

PAKO ARISTI Idazlea

«Aranak egin zuen akatsa gaurko abertzaleek sakontzen segitzen dute»

1

Sabino Aranak oso diagnostiko okerra egin zuen Euskal Herriari buruz, eta haren estrategia ere desastre hutsa izan zen, ikusi besterik ez PNVren nora eza independentziari buruz sortu eta 120 urtera, Espainiako konstituzioan eroso. Jarraipena eman zion zatitua zegoen Euskal Herriari, herri mutilatu baten irudia indartuz. Sinistu zuen Espainiako historiografiaren asmakizuna, bere Euzkadi osatzen zuten hiru probintziek Gaztelarekin hitzarmen baketsua egin zutenekoa. Hori Agirrek ere kritikatu zion. Bere akatsa? Gure historia ez ezagutzeak eta ezjakintasunak nahasmen sakonak dakartza politikan.

Zerbaitetan asmatu zuen, ordea, Aranak: herri honekiko kontzientzia piztu zuen, autoestimua indartu, eta maitasuna irazeki. Errealitate terrible bat ikusi zuen, 20.000 biztanle baino ez zituen Bilbo txikiaren biztanleria, 40 urtean, boskoizten, 90.000 iritsi arte... eta denak kanpotik etorriak. Gaur Europa osoari izugarria iruditzen zaiolarik Suitzak daukan kanpotarren %25. Euskal Herriak ez du izan migrazio hauek mugatzeko estatu bat azken bost mendeetan. Horren aurreko urgentziazko politika bat izan zen Aranarena.

2

Aranaren testuak irakurrita ohartzen zara gaurko politikoak lotsatuta bezala mintzo direla Euskal Herriaz, guztiz akonplejatuta. Independentzia hitza desagertu da ia haien hiztegitik, Espainiako sistema parlamentarioan erabat integratuta daude, eta asimilazio sentipena hazi egin da gizartean, itogarri bihurtzeraino. Aranak negar asko egingo luke gaur burua altxatuko balu, gero eta ilunagoa baita, gero eta zuloagoa Espainian (eta Frantzian, esan dezadan) hondoratzen gaituen leizearen sakonera. Nafarroa da gure herriari zentralitatea ematen dion lurraldea, haren babesean izan zen Euskal Herria subjektu politiko subiranoa, hala ezagutua Europa osoan; geuk suntsitu dugu gure herentziarik baliagarriena, eta horretan Aranak dezente lagundu zuen. Herri batek batasun espiritua izan behar du etorkizuneko argi, intelektualki eta emozionalki, baturik mugitu, baturik pentsatu, baturik hazi eta hezi. Okerrena da Aranak egin zuen akats hura gaurko abertzaleek sakontzen segitzen dutela.

IRUNE ZULUAGA Sabino Arana fundazioaren zuzendaria

«Euskaldunok bizirik jarraitzen dugu Aranak egindako lanari esker»

1

Abertzaletasunari egindako ekarpenik nagusia, bere oinarri nagusiez gain, Euzko Alderdi Jeltzalearen sorkuntza izan zen, historikoki baita gaur egunera arte, euskal nazio eraikuntzaren eragile politikorik nagusia izan dena. Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaolaren ondoren, diktaduraren osteko lehen lehendakari hautatua Carlos Garaikoetxea izan zenetik, Sabino Aranak sortutako alderdi honek EAEko hauteskunde guztiak irabazi ditu.

2

Aintzat hartu behar da Euskal Herriaren nortasuna, Sabino Aranaren garaian desagertzeko arriskuan egon zena, sendotu egin dela eta bizirik dagoela. Euskaldunok bizirik jarraitzen dugu, neurri handi batean, Sabino Aranaren lanari esker, bizitza osoan jardun zuelako euskal nortasunaren desagerpenaren kontra borrokan, «nire herria, zu hiltzen ikusteko jaio al naiz?» esan zuenetik. Euskal Herriak, Sabino Arana eta bere jarraitzaileei esker hein handi batean, berezko erakunde, kultura eta nortasuna zituen gizataldea desagerrarazi nahian ari ziren espainiar eta frantses estatuetako elite politiko eta intelektualen ahalegin sendoari aurre egin zion, eta bizirik jarraitu zuen.

FLOREN AOIZ Iratzar fundazioko zuzendaria

«Aranak egin zuena eta batzuek bere izenean egin dutena ez dira nahasi behar»

1

Pertsonaia historikoa da, itzal zabalekoa, kontraesanezkoa bere ibilbidean nahiz hil ondotiko oihartzunean. Abertzaletasunaren historian jarraipenak eta hausturak daude, eta gaur egungo independentismoa urrun dago gizon horrengandik, ene ustetan, eta —gutxiago ezagutzen bada ere— gertuago Xahorengandik.

Sabino Aranak protagonismo garrantzitsua izan zuen garai hartako euskal herritar askoren zapuzketen kristalizazio ideologiko eta politikoan. Orain, berriz, beste batzuk dira ikuspegi eta joera nagusiak. Gaur egungo independentismoak edan du ibilbide eta tradizio politiko aranistatik, jakina, baita Aranak mespretxatzen zituen beste esparruetatik ere. Neuk eman ditut urteak aranismoaren kalte askoren kontran borrokan, Euskal Herriaren aniztasuna defendatuz, esaterako, baina egia esan, Aranak eta batzuek bere izenean egin dutena ez dira nahasi behar. Ez dugu ahantzi behar satanizazio handiaren jomuga izan dela Sabino Arana, gure herriak pairatzen duen menpekotasuna salatu zuelako. Hori ere aintzat hartu behar da.

2

Maila askotan. Eta kalitatezko jauziaz hitz egin beharda. Gure garaietako independentismoa aurreko ibilbidearekiko haustura sakon eta zorrotz baten fruitua da. Ez da haustura erabatekoa, jakina, baina joera, zorionez, hausturaren areagotzea da. Herria, politika, herritarren protagonismoa, eredu sozioekonomikoa, hizkuntzarekiko jarrera, nortasuna pentsatzeko eta sentitzeko erak, Euskal Herriaren barne aniztasuna, feminismoaren ekarpena..., zorionez egungo independentismoa mugimendu berri eta berritzailea da, Sabino Aranarekin eta garai hartako abertzaletasunarekin alderatuz gero. Ezin zen bestela. Ederki egonen ginateke XIX. edota XX. mendeko ikuspegian murgilduz gero!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.