Koronabirusa

«Denon hobe beharrez da»

Erietxeen inguruko goiburuak nagusitu dira epidemian, baina osasun sistemak lehen mailako artan du sarrerako atea. COVID-19 kasu asko osasun zentroetako profesionalek artatu dituzte, eta aro berri honetan ere giltzarri izango dira. Izurriak ekarritako beharrak tarteko, eraberrituta ari dira.

Errenteriako Iztieta auzoko osasun zentroaren sarrera. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Izurriaren zurrunbiloaren zulotik irtenda, hainbat astean harekin zerikusia zuten lan asko bazterrean utzi eta gero, osasun sistemak hasi dira ahalegina egiten berriz ere zerbitzu guztiak abian jartzeko. Lehen mailako arreta, osasun sistemara sartzeko atari ezinbesteko hori, giltzarri izango da pazienteak berriz artatzen hasteko, eta martxa betean daude berriz osasun zentroak: baina jarduteko modua eraberrituta. «Hemen ere normaltasun berri bat dago, eta jendeak jakin egin behar du hori», azaldu du Elene Oiarzabal familia medikuak. Errenteriako (Gipuzkoa) Iztieta auzoko osasun zentroan dihardu, eta, lehen mailako arta zer-nola biziberritzen ari den argitze aldera, BERRIAk zentro horretako lau profesionalekin solastatzeko era izan du, telefonoz. Izan ere, COVID-19ak ekarri duen aldaketa nabarmenenetariko bat izan da zentroko sarbiderako kontrol zorrotza. Oro har, larrialdietara eta aldez aurretik hitzartutako kontsultetara doazen pazienteei bakarrik uzten diete zentroko atarian sartzen eta dagokien tokira joaten. «Orain jendea etortzen da eta telefono zenbaki bat ematen diogu, bertara dei dezan». Hor dago birusaren itzala, eta hesia jarri behar zaio. «Denon hobe beharrez da».

Osasun zentro handia da Errenteriakoa: 26.000 herritar ingururi arreta emateko eginkizuna du. Han, Oiarzabalen ondoan, Eider Alberdi zentroko koordinatzailea, Susana Alonso erizaina eta Katixa Arabolaza administrari laguntzailea. Lauren jardunbideak dira egun ezinbestekoak lehen mailako arta ona bermatzeko. «Nahi dugu herritarrak ohitzea artatzeko era berri honetara; batez ere, ez elkartzeko toki berean COVID-19a duen jendea eta ez duena», azaldu du Alberdik. «Ezin dugu lehengoa izan». Zorrotz kontrolatzen dute horregatik sarbidea: «Nahi dugu aurrena jendeak deitzea: gero, erizainak edo medikuak erabakiko du etorri behar duten». Telefono bidezko harrerari aparteko garrantzia eman dio horrek, eta hor dihardute administrari laguntzaileek.

Arabaloza da Errenteriako zentroan jarduten dutenetako bat. «Administrari laguntzaileok hartzen ditugu deiak; jakin behar dugu zertarako deitu duten. Ondoren, ditugun protokoloen arabera, badakigu nora bideratu...», azaldu du. Horretarako, lehen egiten zizkieten baino galdera zehatzagoak egin behar izaten dizkiete orain erabiltzaileei.«Igual pazientea ez dago ohituta zenbait galdera jasotzen», onartu du Arabolazak. Galbahea ahalik eta zorrotzen pasatzeko, ordea, ezinbestekoak dira, haren arabera. Izan ere, administrari laguntzaileak ez dira «osasun arloko» profesionalak: ez dagokie pazienteen «balorazio sanitarioa» egitea, eta mediku eta erizainek egin dituzten «protokoloetara» estu egokituta jardun behar dute beti. «Horregatik, erizain eta medikuak saiatzen gara protokolo ahalik eta argienak egiten», nabarmendu du Oiarzabalek.

Hirunakako taldeetan

Gero, pazienteak esandakoaren arabera, administrari laguntzaileak telefono bidezko kontsulta batera bideratzen ditu kasurik gehienak: erizainarekin edo medikuarekin hitz egitera. «Eta profesional horrek erabakiko du, hain justu, aurrez aurreko arta behar den», esplikatu du Oiarzabalek. Aurrez hitzartuta zeuden hainbat kontsultarekin zer egin ere aztertzen ari dira orain osasun zentroan. «Baloratu egin dira; ikusi da ea orain telefono bidez egin daitezkeen edo aurrez aurre egitea beharrezkoa den», azaldu du Alonsok. Oro har telefono bidezko arta izugarri hazi dela onartu du. «Telefonoaren erabilera konfinamenduan %80 inguru handitu da. Oro har, jendeak ulertu du; ondo moldatu da. Orain ere asko ari gara, eta jendeak ondo onartzen du». Pazienteen etxeetara ere joaten dira, beharrezkoa denean. Horren beharra handitu daitekeen susmoa du Oiarzabalek. Izurriaren arrastoa sumatu dute hainbat pazienterekin izan dituzten solasaldietan. «Ikusi dut adineko jendea, bereziki, beldur dena osasun zentrora joateko. Galdetzen dute: 'Segurua al da joatea?'».

Osasun zentroko barruko martxa ere aldatu dute, behin jendea barrura sartutakoan pilaketarik ez izateko. «Odol erauzketak-eta egitean, esaterako, lehen jendea pilatu egiten zen. Orain jendeari uzten diogu hirunaka sartzen, eta besteak kanpoan egoten dira zain», azaldu du Alonsok. «Halaber,oso goiz bazatoz, ez dizute pasatzen uzten». Profesionalen agendak ere antolatu dituzte itxaron geletan jenderik ez pilatzeko eran. Eta aldaketa agerikoa da: «Egungo normaltasunak ez du ia zerikusirik aurrekoarekin. Lehen ia dena arta presentziala zen», azaldu du Oiarzabalek. «Orain, txarrena pasatuta, trantsizio betean gaude. Espezialistekin harremana ere asko aldatu dugu. Lehen baimen bat egiten genion pazienteari harengana joateko; orain, espezialistarekin geuk egiten dugu kontsulta sarri askotan. Dena aldatu da egunotan: funtzionatzeko era berri bat asmatu behar izan dugu».

Zirkuituen bitartez

Gainerako osasun zentroetan egin duten gisan, «zirkuituak»antolatu dituzte Errenteriako osasun zentro honetan ere, birusarekin kutsatutako inor sartzen bada ez dezan kontakturik izan zentroan dauden gainerako erabiltzaileekin. «Kasu susmagarriren bat badugu, hirugarren solairura bideratzen dugu zuzenean; hura dugu gaur egun prestatua COVID-19 kasuentzat», azaldu du Alberdik. «Baina beti aurrena deitu egin behar da, are gehiago inork gaitzaren susmoren bat badu», oroitarazi du. Kasu susmagarri guztiei testa egiten diete orain, eta proba hori egitera joan behar izaten dute pazienteek osasun zentrora.«Baina ez dira elkartzen beste pazienteekin; lagina hartzen zaie, eta etxera joaten dira». Eta lana badute: ari dira testak egiten. Jendeak badu ardura. «Lehen jendeak egiten zituen egun batzuk sukar hamarren batzuekin, eta ez zuen galderarik egiten. Orain, galdetzen dute, eta galdetu behar dute: galdetu egin behar da», azaldu du Oiarzabalek.

Kasu positiboak diagnostikatzea bakarrik ez, horren inguruan egon diren pertsonak atzematea ere bada orain lan garrantzitsua izurria kontrolatze aldera, eta egiteko horren zati bat ere badagokio lehen mailako arretari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen irizpideen arabera, lehen mailako artaren esku geratuko da, zehazki, pertsona horren kontaktu gertukoenei testak egitea: «Etxekoei eta zaintzaileei». Eta lan horri erantsiko zaizkio atzeratutako lanak, izurriaren ondorioz nahi baino baztertuago utzi behar izan dituzten lanen ondorioak. «Gauza batzuk geratuta egon dira, eta orain hasiko gara ikusten zenbait gaitzen desorekak, edota atzeratutako diagnostikoak», ohartarazi du Oiarzabalek.

Bitartean, izurriaren aldi beltzenetik ikasbidea atera daitekeela uste dute. Erabiltzaileek osasun sistemaz egiten duten erabilera «arrazoizkoa» sustatze aldera, esaterako, urrats garrantzitsuak egin direla uste dute. Lehen mailako artari «burokrazia lanak» kentze aldera ere pausoak eman direla ikusi dute, eta lan egiteko era hobe bat ekar dezaketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.