Kataluniako hauteskundeak. Erreakzioak

Rajoy: «Aldaketa nahi genuenok ez dugu eskuratu gure helburua»

Espainiako presidenteak ez du loturarik ikusten 155.aren eta bere alderdiaren emaitzen artean. Jakinarazi du Kataluniako gobernu berriarekin hitz egiten «saiatuko» dela

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, atzo, Madrilen, Kataluniako bozen emaitzak baloratu aurretik. JAVIER LIZON / EFE.
ander perez zala
2017ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Ez dira esperotako emaitzak. Ez dira nahi zituzten emaitzak. Ez da nahi zuten jokalekua sortu, eta, ziurrenik, ez da nahi zuten gobernua osatuko datorren hilabeteotan. Espainiako alderdi politikoek beste behin ere ikusi dute independentismoa bizirik dagoela Katalunian, eta 2015eko hauteskundeetan lortutako gehiengo osoari eutsi diola, boto kopurua handituta. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez du esperotako emaitza lortu Konstituzioko 155. artikulua aplikatzea erabaki zuenean, eta sekulako beherakada jasan du haren alderdiak. 155.aren alde egin zuten alderdi eta politikari guztien helburua zehatza zen: independentismoa boteretik botatzea hauteskunde behartuen bidez. Ez dute lortu.

«Aldaketa nahi genuenok ez dugu eskuratu gure helburua. Ez dira espero genituen emaitzak». Rajoyren esan horiek laburbiltzen dute azken hilabeteotan Espainiako Gobernuak erabili duen taktikaren porrota, baina Madrilek ez du loturarik ikusi 155.aren aplikazioaren eta herenegungo emaitzen artean. Inkestek, ordea, argi zioten kataluniarren gehiengoa neurri hori hartzearen kontra zegoela. Funtsean, sentimendua edo ideologia edozein izanda, bere autonomia eten zuen Espainiako presidenteak. Eta garesti ordaindu du: Rajoyren alderdiak, 155.aren alderdiak, hemeretzi diputatu zituen 2012an Kataluniako Parlamentuan; 2015ean, 11, eta orain, 3.

Testuingurua nabarmen okertu den arren, Madrilek uste du ez dagoela arrazoirik orain arteko bidea aldatzeko. Horren ordez, orain artekoarekin jarraituko du: politikoki, datorren Kataluniako Gobernuarekiko elkarrizketarako deiari eustea, betiere «Konstituzioa eta legeak errespetatzen» baditu. «Judizialki, Artur Mas Generalitateko presidente ohia, Marta Rovira ERCko idazkari nagusia eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia ere ikertzea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, matxinada egotzita aurrera daraman auzian.

155.ak indarrean jarraituko du Katalunian, gutxienez otsail hasiera arte, presidente berria hautatu arte. Kargua hartzeko aukera gehien —eta bakarra— duen presidentegaia Junts Per Catalunyarena da, Carles Puigdemont. Ordea, Rajoyk lehentasuna emango dio Ines Arrimadas Ciudadans alderdiko presidentegaiarekin hitz egiteari, hura baita solaskide «bakarra». «Hauteskundeak irabazi dituenarekin hitz egin behar dut soilik, hau da, Ciutadanseko Arrimadasekin», adierazi zuen atzo, bozen balorazioa egiterakoan. Puigdemontek elkarrizketarako deia egin zion, eta biak aurrez aurre elkartzeko nahia adierazi, baina Espainiako presidenteak uko egin zion beste behin ere.

Kataluniako alderdi independentistek bere burua indartu dute Rajoyren aurrean, eta mezu bera helaraz diote: hauteskundeetatik atera den «agindu demokratikoa» betetzea. PDECatek, Puigdemonten alderdiak, mezu gogorra helarazi zion Espainiako presidenteari, bere idazkari nagusi Marta Pascalen bidez. «Politika egitea eta hitz egitea komeni zaio. Espainiako egoera zaila da», argudiatu zuen.

ERC ere bide beretik mintzatu zitzaion Espainiako presidenteari. «Rajoy demokrata bada, emaitzak onartu behar ditu, eta horrek ondorio politikoak izan. 155.a eta esku sartze finantzarioa amaitzea, alegia. Politikaren garaia da»,Roviraren ustetan.

Hain justu, Rajoyren alderdia hondoratu egin da Espainiako presidenteak ez diolako Kataluniari beharrezko eskaintza politikorik egin. Dena den, Rajoyk uste du alderdia eta Espainiako Gobernua «indartsu» daudela, ezin direlako herenegungo emaitzak Espainiara estrapolatu. Errealitatea, baina, bestelakoa da: Rajoyk sinesgarritasuna galdu du, eta alderdi barruan krisia irekitzear da. «Espainiako Gobernua gobernatzeko moduan dago», ohartarazi zien barne eta kanpo kritikoei, baina PPn asko dira zalantzan jartzen dutenak 155.a aplikatzearen ondorioak. Etorkizuna ere korapilatsua izango da Madrilentzat: aurrekontuak negoziatu behar ditu, orain arte zuena baino posizio okerrago batetik.

Sanchez eta Rivera, kritiko

Espainiako presidentea ahul ikusi dute oposizioko alderdi politikoek, eta beren burua alternatiba nagusi gisa aurkezteko lehia abiatu dute jada. Oposizioko indar nagusiak, PSOEk, ekin zion Rajoyren aurkako erasoaldiari, argudiatuz herenegungo emaitzek bere alderdia eta bere figuradutela. «PP ezin da alderdi handi bat izan, Katalunian bazterreko alderdi bat bada», ziurtatu zuen PSOEren idazkari nagusi Pedro Sanchezek —Espainiako hauteskunde orokorretan diputatu gehien hautatzen duten eremuetan bigarrena da Katalunia: 47—. Bere burua alternatibatzat aurkeztu zuen, independentismoa «garaitzeko» hautagai egokia delakoan, proiektu «ezkertiar eta konstituzionalista» baten bidez. «Espainia egituratzeko gai den indar bakarra PSOE da, lurralde guztietan presentzia nabaria duen alderdia».

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ere erabili zituen herenegungo emaitzak bere burua indartzeko. Helburu argia du: Katalunian lortutako gorakada Espainiara eramatea, «bipartidismoa bukatu» egin delako. Izan ere, haren alderdiak «proiektu bat» du Kataluniarentzat eta Espainiarentzat: «Espainiak proiektu bat behar du, ilusioa piztuko duena. Rajoyk ez du halakorik», adierazi zuen emaitzak baloratzean.

Espainiako presidenteak etorkizun korapilatsua du aurrean. Ez du autokritikarik egin, eta arazo eta gatazkak pilatuko zaizkio, bai alderdi barnean, baita kanpoan ere. Ikusteko dago zeintzuk izango diren PPn aldaketak eta autokritikak. Oraingoz, aldaketa bakarra izan da: Jorge Moragas Rajoyren azken hamalau urteotako laguntzaile nagusiak dimisioa eman zuen atzo. Haren hitzetan, «ez du zerikusirik» herenegungo emaitzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.