Joseba Zalakain.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Gizarte zerbitzuen jasangarritasunaz

2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Jasangarriak al dira gure Gizarte Zerbitzuak? Zahartzaroak mahai gainean jartzen dituen erronken artean, zergatik erreparatzen diogu, batik bat, gizarte zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoari?

Egia da, alde batetik, azken urteetan Gizarte Zerbitzuen gastua gehiago handitu dela beste ekonomia adierazle batzuk eta gizarte-babesaren beste atal batzuen gastua baino. Esan behar da ere, ordea, gastu publiko osoaren zati txiki bat baino ez direla gizarte zerbitzuak, eta oso gutxi igo dela gastu hori, kontuan hartzen badira behintzat inflazioa eta zerbitzu horien onuradun potentziala den populazioaren hazkundea (80 urte baino gehiago dituzten pertsonak, alegia). Are gehiago, etorkizunari begira, nahiz eta mota horretako gizarte-gastua handituko den gehien —bikoizteraino—, oso pisu txikia izaten jarraituko du gastu publiko osoan. Beste esparru batzuk dira —pentsioak, osasuna...— gastuaren parterik handiena hartuko dutenak.

Esan behar da ere euskal erakundeek mendekotasunaren arretarako Gizarte Zerbitzuetan egiten duten gastuaren igoeran desoreka argiak gertatu direla erakundeen arabera: foru-gastuak nabarmen egin du gora (bai termino absolututan, bai kudeaketa propioko aurrekontuari dagokionez), eta, aldiz, udalen gastuak ez du ia gora egin azken hogei urteetan. Are gehiago, ia erdira jaitsi da 80 urtetik gorako biztanleko udal gastua, euro konstantetan.

Edonola ere, jasangarritasunaren ideia bi konturekin lotuta dago: bai gastu-bolumenarekin eta bai gastua finantzatzeko mekanismoekin ere. Jakina, gastu publikoa bera izanik, horri eusteko ahalmen handiagoa edo txikiagoa izan dezake lurralde batek ezartzen dituen finantzaketa-mekanismoak aski diren edo ez kontuan hartuta. Espainian edo Euskadin gertatu denaren kontrakarrean, ideia hori hartu dute oinarritzat Frantzian edota Alemanian, eta zahartzaroari aurre egiteko kotizazio edo zerga espezifikoak ezarri dituzte, horien bidez mendekotasunaren arretarako zerbitzuak finantzatzeko.

Bestalde, eskuragarri dagoen ebidentzia ekonomikoak argi uzten du gizarte-zerbitzuen gastuaren jasangarritasunak baduela zerikusirik belaunaldien arteko harremanekin eta, batez ere, gizarte gastua belaunaldien artean banatzeko erarekin. Ildo horretatik, belaunaldi arteko kontabilitatean oinarriturik azken urteetan argitaratutako literatura ugariak agerian utzi du zenbateraino dagoen zahartzaroari loturiko gastuaren jasangarritasuna, paradoxikoki, gaur gazteak diren taldeen giza kapitalaren inbertsiora bideratutako neurrietan —hau da, haurtzaro, familia eta hezkuntza politiketan— egiten den inbertsioaren mende. Ikerketa horiek frogatu dute talde gazteen hezkuntza-kapitala hobetzeak gainerako aldaketa demografikoek baino inpaktu handiagoa duela Ongizate Estatuaren jasangarritasun fiskalean, oro har. Gizarte-gastua nabarmenegi dago ordea, gaur egun, adinekoetara bideratuta, eta, paradoxikoki, horrek kolokan jartzen du etorkizuneko adinekoen —paradoxikoki, halaber, gaur egun adinekoen gastua finantzatzen ari diren pertsona helduen— gastua finantzatzeko aukera.

Labur esatearren, gastu sozial publikoa finantzatzeko ahalmenean eragin zuzena du hazkunde ekonomikoak. Hazkunde ekonomikoak, aldi berean, eragina du hezkuntzan, gazterian, haurtzaroan, jaiotza-tasan eta familien babesera zuzendutako neurriak abian jartzeko ahalmenean. Beraz, 50 urte barru mendekotasun-egoeran izango diren pertsonen zaintza-jasangarritasuna bermatu nahi bada, pertsona horien hezkuntzan eta bizi-baldintzetan gaur egun inbertitzea da modurik onena, mugikortasun soziala hauspotuz eta pobrezia belaunaldiz belaunaldi errepikatzea eragotziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.