Fernandez Iradi kartzelan geldi daiteke, mediku azterketen ustez

Espetxea eta eritasuna bateragarriak direla dio mediku txostenak.Ortzegunean eginen dute auzia, Parisen.Bagoaz-ek protestara deitu du

Fernandez Iradi aske utz dezatela eskatuz, giza katea egin zuten iazko maiatzean, Baionan. BOB EDME.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Ibon Fernandez Iradi presoaren osasun egoera hirugarren aldiz aztertu dute medikuek, eta, aitzineko bi aldietan ez bezala, eritasuna eta espetxealdia bateragarriak direla ondorioztatu dute. Azterketa, ordea, baldintza txarretan egin dutela salatu du preso eta iheslarien eskubideen aldeko Bagoaz kolektiboak. «Aitzinetik iritzi batekin etorriak ziren: 30 minutu baino gutxiago pasatu dituzte harekin, eta hitza mozten zioten mintzatzen saiatzen zen aldiro», azaldu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Ortzegunean eginen dute Fernandez Iradiren kondena etetearen inguruko auzia Parisen, eta mediku txosten horretan oinarrituz gero deliberoa aurkakoa izanen dela uste du abokatuak. Egoera salatzeko elkarretaratzea antolatu du Bagoaz-ek epaiketaren egunerako: Baionako Herriko Etxearen aitzinean eginen dute, 18:30ean.

Esklerosi anizkoitza du Fernandez Iradik, eta kondena etetea eskatua du, gaixotasunak espetxean okerrera egin dezakeela eta. Epaileak haren askatzearen alde egin zuen 2014ko ekainean, baina bi baldintza ezarrita: Frantzian bizitzeko duen debekua baliogabetzea eta Pirinio Atlantikoetatik kanpo bizitzea. Baldintza horiek kondenaren etetea trabatzen zutenez, helegitea ezarri zion abokatuak epaiari. Irailean iragan zen lehenbiziko dei auzia, eta, baldintza horiek kentzea onartu arren, Fernandez Iradiren osasun egoera berriro aztertzeko eskatu zuen epaileak.

Medikuen hirugarren txostena, baina, ez da «onargarria», Paulus Basurkoren ustez. Are, 40 orriko dokumentua «kontraesanez beteta» dagoela gaitzetsi du. Hain zuzen, botikez gain Fernandez Iradik bertze tratamendurik jasotzen ez duela azaltzen dute bertan medikuek —erraterako, kinesiterapeuten edota psikologoen segimenduak—. Horiek beharrezkoak ditu eritasunak okerrera egin ez dezan, baina ez dute kontuan hartu: «Nahiz eta onartu ez duela segimendurik, ez dute erraten kartzelatik atera behar duenik». Bada deigarriagorik ere: presoak eguna Interneti begira pasatzen duela diote txostenean, hori debekatuta dagoen arren.

Eritasunak okerrera eginen balu, gainera, Fernandez Iradi espetxez aldatzea bertzerik ez dute proposatzen medikuek. Azterketa hori «erabaki politikoa» da, Bagoaz-en ustez, eta Frantziari «konponbidearen» bidean jartzeko eskatu dio kolektiboak.

Otegi askatzeko, Bruselara

Asteartean, Arnaldo Otegi askatzea eta sakabanaketarekin bukatzea galdeginen du bake prozesuaren aldeko Friendship europarlamentarien taldeak Bruselan. Bertan izanen da ere Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.