Konfiantza gora eta langabezia behera doa Ipar Euskal Herrian

Adierazle ekonomiko guztiek «kolore berdea» dutela nabarmendu du Baionako Merkataritza Ganberak. Enpresen %79 baikorrak dira

ISABELLE MIQUELESTORENA.
Iker Aranburu.
2017ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrira ere iritsi da egoera ekonomikoari buruzko baikortasuna. «Gure adierazle ekonomiko guztiek kolore berdea dute». Hitz horiekin definitu du egoera Andre Garreta MIG Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak. Behera doa langabezia, gora doa enpresaburuen konfiantza, eta hazten ari da enpresen sorkuntza. Kezken artean bada nagusi bat: lehengaien kostua igotzen ari da, eta horrek irabazi tarteak gutxitu dizkie enpresei.

Hona MGIren 2017ko maiatzeko barometroaren emaitza nagusiak:

ENPLEGUA

Langabezia, behera

Enplegu sorkuntza handiagoa da Akitania Berrian eta Frantzian baino, baina, hala ere, oso motel ari da jaisten langabezia. Abenduan, biztanle aktiboen %8,7 zeuden lanik gabe Baionako enplegu eremua deitutakoan, urtebete lehenago baino 0,2 puntu gutxiago. Langabeziak goia jo zuen 2013 hasieran eta 2015eko bigarren hiruhilekoan, %9,2ra iritsi zenean. Orduz gero, pixka bat jaitsi da, baina oso urrun dago krisi aurretik ohikoak ziren tasetatik (%7). Gaindegiaren datuen arabera, Euskal Herri osoan %16,16ra iritsi zen 2013an, eta %11,24ra jaitsi da ordudanik.

Beste datu batek zalantzak sortzen ditu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortutako enpleguaren kalitateari buruz: 28.701 lagun daude lan bila Pole Emploi bulegoetan, 2015 amaieran baino %3,9 gehiago. Bilatzaileen artean daude batere lanik ez dutenak (A taldea), hilean 78 ordu baino gutxiago lan egiten dutenak (B taldea), edo lanaldi osoa izan eta enplegu hobe bat nahi dutenak (C taldea).

Beste datu negatibo bat da lan bila urtebetetik gora dabiltzanak %41 direla jada. Langabeen %53 dira emazteak —%55 Hego Euskal Herrian—.

SARIAK

2.165 euro batez beste

MIGen kalkuluen arabera, 82.400 soldatadun daude Ipar Euskal Herrian, duela urtebete baino %3,2 gehiago. Batez ere merkataritzan (+%5,7) eta industrian (+%3,9) gehitu dira langileak. Soldatadunen batez besteko saria %1,7 handitu da 2015 amaieratik 2016 amaierara arte, eta 2.165 eurora iritsi da. Litekeena da hurrengo hilabeteotan enpleguak gora egitea, 10.441 langile kontratatzeko asmoa adierazi baitute euskal enpresek.

ERAIKUNTZA

Ia 3.000 bizitegi gehiago

Etxe eraikuntza da Ipar Euskal Herriko sektore ekonomiko nagusietako bat. 2016an 2.953 etxebizitza eraikitzen hasi ziren, aurreko urtean baino %21,37 gehiago. Hamar bizitegi horietatik zazpi Lapurdiko kostaldeko herrietan eraikitzen ari dira.

Etxebizitzak ez ezik, jarduera ekonomiko bat izango duten eraikinak ere asko ari dira eraikitzen: 146.434 metro koadro, 2015ean baino %32,7 gehiago.

ENPRESAK

1.100 enpresa gehiago

Enpresen kopurua emendatu zen iaz Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan: 2.692 sortu ziren (+%15,9), eta 1.539 desagertu(-%3). Zerbitzuei lotutako enpresak dira gehien sortzen direnak, eta horien artean saltokiak bereziki.

Behera egin du zailtasun ekonomikoak dituzten enpresak ere. 246 enpresek aurkeztu zituzten iaz enplegua gutxitzeko prozedura kolektiboak (-%14,3).

PORTUAK ETA AIREPORTUA

Trafikoa emendatu da

Trafiko handiagoa izan dute Lapurdiko azpiegitura handiek. Baionako portukoak %0,5 egin du gora, eta 2,33 milioi tonara iritsi da. Hidrokarburoen joan-etorriak itzuli dira.

Arrantzak ere gora egin du Donibane Lohizuneko eta Ziburuko portuan. 10.665 tona arrain deskargatu dituzte arrantzaleek, %6,5 gehiago. Horietatik 6.918 tona dagozkio legatzari.

Hegazkin eta bidaiari gehiago ikusi ditu Miarritzeko aireportuak ere: 1.135.482 izan dira, %9,2 gehiago. Ia 11.000 hegazkin pasatu dira Miarritzetik (+1.136).

ENPRESEN KONFIANTZA

%79 daude baikor

Etorkizunari begira, baikor daude Ipar Euskal Herriko enpresak. Merkataritza Ganberak galdezkatutakoen %79k konfiantza dute bere enpresaren etorkizunari buruz, eta %5ek baizik ez dute susmo txarrik. Akitania Berrian %73ra iristen da konfiantza.

Atalka begiratuz gero, 2017an negozio kopuru egonkorra espero dute %44k, hobetzea %26k eta okertzea %11k. Eskaerek gora egingo duten esperantza dute %35ek, eta bezeroak emendatuko dituztela, berriz, %26k. Hori bai, %7k baizik ez dute lantaldea handitzeko asmorik.

Enpresa baikorrenak industria arlokoak dira, %43k uste baitute salmentak handituko dituztela. Zerbitzuetan %28ra jaisten da portzentaje hori, eta %15era, berriz, merkataritzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.