Egiari Zor-ek udaletara joko du Poliziaren biktimen legea ezagutarazteko

Fundazioak «nahasmena eta desinformazioa» antzeman ditu biktimen artean. Elgoibarko Udalean onartu dute lehenbiziko aldiz, aho batez

Ane Muguruza eta Enkarni Blanco, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 artean izandako motibazio politikoko indarkeriaren biktimei aitortza eta erreparazioa emateko 12/2016 legeak asteon jaso du babesa Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Haatik, aitortza hori eskatu duten hainbat pertsonari laguntzen aritu da Egiari Zor, eta «nahasmena eta desinformazioa» antzeman ditu. Adibide bat jarri du: Euskadiko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua txostenean (2017) parte hartu zuten torturaren biktima «askok» uste dute jada aurkeztua dutela eskaera.

Horregatik, udaletara joko du fundazioak, udalei informazioa zabaltzen laguntzeko eskatzera. Mozio bat aurkeztuko dute horretarako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletan. Orain arte 300 pertsona inguruk egin dute eskaria Jaurlaritzan, eta 2021eko abendura arte dute zabalik eskaerak aurkezteko epea.

Udaletara jotzeko erabakiaren berri eman zuten atzo Ane Muguruza eta Enkarni Blanco EgiariZor fundazioko kideek. Batetik, ontzat jo zuten legea martxan jartzea, «gertatutakoa argitzen eta, ondorioz, bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen duelako, giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten pertsona askoren aitorpen ofiziala eta instituzionala ahalbidetuz». Bestetik, ordea, biktimek «informazio zehatza» izatea nahi dute, eta, beraz, hiru helburu bete nahi dituzte mozioak aurkeztuta: «Legearen babespean egon daitekeen interesdun orori informazioa ematea», informazio prozesuan «herritarrengandik hurbilen dauden tokiko erakundeak inplikatzea» eta «Egiari Zor fundazioaren laguntza eskaintzea pertsona orori, beharrezko izapideak egin ditzan».

Mozioa herenegun onartu zuten lehen aldiz; Elgoibarko Udalean (Gipuzkoa), aho batez. «Talde politiko horien aldetik mozioak izan duen harrera ona txalotzen dugu, eta positiboki baloratzen dugu biktimentzat eta gizarte osoarentzat hain garrantzitsua den zerbaiti buruzko informazio-prozesu batean lankidetzan aritzeko proposamenak sortu duen adostasuna», esan zuen Muguruzak.

Gainera, esker oneko mintzatu zen ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK, EHNE, CNT, HIRU eta Etxalde sindikatuek estatuaren biktimen aitortzaren alde argitaratutako ohar bateratuaz. Sindikatuek aitortza adierazi diete biktimei, eta horiek animatu zituen «errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko eskaerak izapidetzera». Halaber, lan horretarako «aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa» hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.